Sutea Olabarri baserri inguruan, Larraña auzoan.

2012/03/16
6 laguneko erretena dago oraindik Olabarri baserri inguruan atzo gertatu zen sutearen perimetroa bustitzen ketan dagoen su ezkutua zabaldu ez dadin. 40 bat hektarea pinu erre ziren atzo Larraña auzoan.

  Sutearen lehen abisua, udaltzainek jaso zuten atzo eguerdiko ordubata ingurua. Olabarri baserriaren azpialdean sua piztu zela jakinarazi zieten. Zubillagako suhiltzaileak izan ziren udaltzainekin batera inguratu ziren lehenak. Haizearen eraginez eta ingurua oso lehor zegoenez, sua azkar zabaldu zen. Bi pista pasa eta baserri gainaldera zabaldu zen. Basozainak jakinarazi digunez, sua gainera, zorutik, narra eta sastrakak errez baina pinutik pinura ere salto eginez zabaldu zen, ingurua, esan bezala, oso lehor zegoelako.

  Ondorioz, tamaina eta adin diferenteko pinuak erre ziren, 40 hektarea inguru. Pinurik gazteenak, sei bat urtekoak ziren baina 50 urtekoak ere erre direla jakinarazi digu basozainak.
Hasiera batetan sua kontrolatzea nekeza izan zen, baliabide pertsonal eta tekniko gutxi izan zirelako baina, baso suak itxungiteko ardura duten kuadrila ezberdinak hurbilduz joan ziren ahala, suari neurria hartzen joan ziren. Hala, arratsaldeko 7ak laurden gutxietarako edo, guztia itzaltzea lortu zuten.

  Baina lanak ez ziren hor bukatu. Atzo gauean, erretako gunearen perimetroa bustitzen aritu ziren pinu ipurditan zegoen su hori berpiztu eta zabaldu ez zedin.
Gaur goizean ingurua berriro busti dute. Lehen orduan gainera haize bolada gogorrak izan dira eta sua berpizteko arriskua ikusi da. Eguerdian, basozainarekin berba egin dugunean, 6 laguneko erretena lanean ari zela esan digu.

  Larraña auzoan sortu zen sute honek ez dio Olabarri baserriari eragin. Alegia, etxeak ez du inolako kalterik jasan, bai ordea inguruko pinudiek. Une batetan, sua goialdera pasatu zen eta Sarramendi eta Koroso aldera zabaldu zen, baina azkenean kontrolatzea lortu zen.
Atzo arratsaldeko lehen orduan Larraña auzoan, Olaberri baserri inguruan piztu zen sutea nola, zerk eraginda piztu zen ikusi beharko da orain.    

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!