Oinezkoen kaleetako bizilagunen zamalanetarako txartelak bihartik aurrera eskuratu daitezke

2017/01/31
Card image cap
Txartelak, udaletxeko sarreran jaso behar dira

  Erdiguneko oinezkoen kaleetan bizi direnei, zamalanetarako ordutegian, eta zamalanak egiteko, etxe atarira autoz sartzeko aukera eman zien udalak. Horretarako, autoaren matrikula jakinarazi behar izan zuten baimen txartela gertatzeko.
Atzeko kale, Kale Barria eta Kale Zaharreko bizilagunek 231 eskaera bideratu zituzten. Baldintzak betetzen ote ziren egiaztatuta, 171 onartu dira eta 60 baztertu. Aipagarria da, atzera bota diren horien artean baldintzak betetzen ez dituztenak eta sakonago aztertu behar diren kasu bereziak daudela. Kasu bereziak osteguneko Tokiko Gobernu Batzarrean jorratuko dira eta erabakia ere, ostegunean hartzea espero da. Baldintzak betetzen ez dituztela argudiatuz baztertu diren askoren arrazoia, baimentzea eskatzen den autoa aipatu kaleetan helbideratu gabe dagoelako da. Halakoetan helbide aldaketa egin eta eskaera berriro bideratzeko otsaila amaiera arteko epea emango da.

  Onartu eta baztertuen zerrendak udaletxeko harrera bulegoan kontsultatu daitezke eta baimen txartela ere bertan emango zaie eskaera onartu zaienei. Bihartik aurrera izango da.

  Atzeko kaleko behealdearen eta Txaketuaneko bidegurutzearen oinbideratzea indarrean sartzen denean erabili ahal izango dira aipatu baimen txartelak, beti ere, zamalan ordutegian kalera sartzeko. Kale Barria, Kale Zaharra eta Atzeko kaleko goialdean zamalanetarako ordutegia orain artean bezala, 8:00etatik 12:00ak arte izango da aurrerantzean ere. Ramon Irizar kalea eta Atzeko kalearen behealdeak osatuko duten gune berrian, zamalan ordutegia 7:15tan hasi eta 12:00ak arte luzatuko da.

  Bihartik aurrera udaletxeko harrera bulegoetan banatuko diren bizilagunentzako txartelak laranja kolorekoak dira eta baimentzen den autoaren matrikula daramate. Etxe aurrealdean aparkatzen denean begi bistan jarri beharko dira isunik ez jasotzeko.

  Atzeko kaleko irisgarritasun lanak amaituta, erdiguneko kaleak zamalanetarako ixteko fase berria otsailean zehar sartuko da indarrean. Horrekin batera, Txaketuaneko bidegurutzea,  froga moduan, hiru hilabetez 12:00tatik aurrera trafikorako itxiko da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!