Ohiko egitaraua moldatuta, dantzariak ikastetxeetan izan dira goizean eta arratsaldeko lehen orduan Unibertsitate zaharrera hurbilduko dira

2019/06/21
Card image cap
28 lagun auzoz auzo ibili dira Korpus mezua zabaltzen

  Dantzariak Korpus mezulariak dira, ostiralean landa auzoetan, larunbatean herri gunean, eta igandean prozesiñoan nahiz aurretik eta ondoren aritzen dira kriskitinak jo eta dantzatzen. 9:00tarako ekin diote asteburu dantzariari baina ohiko egitaraua moldatuta. Izan ere, udako oporrak hasi dira gaur herriko ikastetexeetan, eta normalean arratsaldez egin ohi dieten bisita goizean goiz bete dute. Ondoren, zuriz jantzitako 28 dantzari, landa auzoetara abiatu dira, zortzi edo lauko taldeetan, auzotarrei Korpusak badatozela iragartzeko. Kasu honetan, berezitasuna, esan bezala, dantzariak fraka eta alkandora zuriz jantzita doazela da, banda, korbata edo gona gorri/urdinik gabe. Auzoetan gainera, kriskitinak jotzen joaten dira, dantza egin gabe, beti ere, txistularirik gabe egin ohi delako auzoetako erronda hori.

  Arratsaldean koloreetako osagaiak jantziko dituzte berriro, azken urteetako ohitura errepikatuaz, kanpoaldeko kale-auzoetan dantza egingo dutelako: Kasablankan, San Martinen eta Ugarkalden. Aurretik dena den, eta Lege Soziologia Institutuak antolatutako nazioarteko kongresua dela eta, Unibertsitate Zaharraren aurrealdean dantza egingo dute, 16:00tan izango ei da.

  Bihar, herri guneko kaleetan dantza egingo dute eta igandean, esan bezala, prozesiño aurretik santuei laguntzen, prozesiño garaian eta baita arratsaldean ere, Korpus ziklo osoa eskainiz. Aurten, lehenengoko aldiz, Mikel Biain izango da dantzarien kapitaina prozesiño garaian. Eta iaz bezala, aurten ere, hainbat neskek dantzatuko dute.

  Prozesiñoko zenbait elementu ere konpondu dira iganderako, apostolu pare baten karetak eta atributuak konpontzera eraman ziren, baita San Migelek daraman gurutze handia ere. Elementu guztiak pitin bat zartatuta zeuden, beroa, izerdia eta euriaren ondorioz, eta pintura jausi baino lehen tratamendua egitera eraman ziren.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!