Ohiko bizikidetza unitatea hautsi eta diru sarrera urriak izanik familia kargak dituzten emakumeek udalaren dirulaguntza eskatu dezakete

2020/02/05

   2014an onartu zuen Udalak bizikidetza unitatea hautsi eta gainera, errenta eta diru sarrera urriak izanik, familia kargak dituzten emakumeei laguntzak emateko oinarriak. Banandu eta bikote ohiarekiko auzia bideratu bitartean, edo alargunduta dagokion pentsioa kobratzen hasi bitartean, emakumeek egunerokoari aurre egiteko arazo edo estutasun ekonomikoak izan ditzakete. Halakoak arindu asmoz, eta diskriminazio positiboa aplikatuz, udalak, dirulaguntzak eman edo aurreratzen ditu.

  Edozein egoera medio, bere bizikidetza unitatea hautsi, baliabide ekonomikorik eduki ez, eta beraien kargu adingabeak dituzten emakumeei zuzendutako dirulaguntzak eskaintzen ditu udalak. Kasuaren arabera, aurreratutako diruai itzuli egin beharko da, edo ez. Udalak emandako dirua, eguneroko gastu arruntak ordaintzen laguntzeko erabiliko da.

  Dirulaguntza eskuratu ahal izateko, Oñatin erroldatuta eta bertan bizitzen egon behar da, gutxienez, eskaera egin baino 12 hilabete lehenagotik. Hilean dituen diru sarrerak ezin dira izan lanbide arteko gutxieneko soldataren % 75a baino handiagoak, eta lanean ari ez bada, Lanbiden izena emanda egon behar du. Baliabide ekonomikoak zehazterakoan emakumeak dituen errenta edo diru sarrerak soilik hartuko dira kontutan. Ez dira beraz emakumearekin bizi diren familia unitateko gainerako kideen sarrerak zenbatuko. Familia karga edo ardurei dagokienean, berriz, eskatzaileak berarekin bizitzen eta bere ardurapean gutxienez senide bat duela egiaztatuko da.

  Udalak 10.000 euroko diru partida berezitu du aurten, eta horren berri emanez eta eskaerak egiteko epea zabalduz, iragarkia astelehenean argitaratu zen Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean. Eskaerak, azaroaren 30a bitartean aurkeztu daitezke.

Iturria: Oñati Irratia