Ohiko bizikidetza unitatea hautsi eta diru sarrera urriak izanik familia kargak dituzten emakumeek udalaren dirulaguntza eskatu dezakete

2019/02/01

  2014an onartu zuen Udalak bizikidetza unitatea hautsi eta gainera, errenta eta sarrera urriak izanik familia kargak dituzten emakumeei laguntzak emateko oinarriak. Banandu eta bikote ohiarekiko auzia bideratu bitartean, edo alargunduta dagokion pentsioa kobratzen hasi bitartean, emakumeek egunerokoari aurre egiteko arazo edo estutasun ekonomikoak izan ditzakete. Halakoak arindu asmoz, eta diskriminazio positiboa aplikatuz, udalak, dirulaguntzak eman edo aurreratzen ditu.

  Edozein egoera medio, bere bizikidetza unitatea hautsi, baliabide ekonomikorik eduki ez, eta beren kargu adingabeak dituzten emakumeei zuzendutako dirulaguntzak dira udalak eskaintzen dituenak. Kasuaren arabera, aurreratutako diru hori itzuli egin beharko da edo ez. Udalak emandako dirua, eguneroko gastu arruntak ordaintzen laguntzeko erabiliko da.

  Dirulaguntza eskuratu ahal izateko, Oñatin erroldatuta eta bertan bizitzen egon behar da gutxienez eskaera egin baino 12 hilabete lehenagotik. Hilean dituen diru sarrerak ezin dira izan lanbide arteko gutxieneko soldataren % 75a baino handiagoak eta lanean ari ez bada, Lanbiden izena emanda egon behar du. Baliabide ekonomikoak zehazterakoan emakumeak dituen errenta edo diru sarrerak soilik hartuko dira kontutan. Ez dira beraz emakumearekin bizi diren familia unitateko gainerako kideen sarrerak zenbatuko. Familia karga edo ardurei dagokienean, berriz, eskatzaileak berarekin bizitzen eta bere ardurapean gutxienez senide bat duela egiaztatuko da.

  Udalak, 10.000 €ko diru partida berezitu du aurten eta horren berri emanez, eta eskaerak egiteko epea zabalduz, iragarkia gaur bertan argitaratu da Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean. Eskaerak, abenduaren 15a bitartean aurkeztu daitezke.

  Eskaera bakarra jaso zen iaz Udaleko Ongizate Zerbitzuetan, urreko bi urteetan bezala.

Iturria: Oñati Irratia