Ohiko bizikidetza unitatea hautsi eta diru sarrera urriak izanik familia kargak dituzten emakumeek udalaren diru laguntza eskatu dezakete

2017/02/28
Diru laguntza hauen irizpideak berrikustekotan dira udal teknikariak inork baititu eskatu orain arte

  Baina berrikuspen horren beharra datozen hilabeteotan baloratuko da eta hala egitea erabakiko balitz ere, errebisioa 2017an zehar egingo litzateke datorren urtera begira. Gaur zabaldu den deialdia, 2014an onartu ziren oinarrien arabera egin da. Izan ere, orain hiru urte erabaki baitzuen udalak bizikidetza unitatea hautsi eta gainera, errenta eta sarrera urriak izanik familia kargak dituzten emakumeei laguntzak emateko oinarriak.

  Banandu eta bikote ohiarekiko auzia bideratu bitartean edo alargunduta, dagokion pentsioa kobratzen hasi bitartean, emakumeek egunerokoari aurre egiteko arazo edo estutasun ekonomikoak izan ditzakete. Halakoak arindu asmoz, eta diskriminazio positiboa aplikatuz, udalak, diru laguntzak eman edo aurreratzen ditu.

  Edozein egoera medio, bere bizikidetza unitatea hautsi, baliabide ekonomikorik eduki ez eta beren kargu adingabeak dituzten emakumeei zuzendutako diru laguntzak dira. Kasuaren arabera, aurreratutako diru hori itzuli egin beharko da edo ez. Udalak emandako dirua, eguneroko gastu arruntak ordaintzen laguntzeko erabiliko da.

  Diru laguntza eskuratu ahal izateko, Oñatin erroldatuta eta bertan bizitzen egon behar da gutxienez eskaera egin baino 12 hilabete lehenagotik. Emakumeak hilean dituen diru sarrerak ezin dira izan lanbide arteko gutxieneko soldataren % 75a baino handiagoak eta lanean ari ez bada, Lanbiden izena emanda egon behar da. Baliabide ekonomikoak zehazterakoan emakumeak dituen edo izan ditzaken errentak edo diru sarrerak soilik hartuko dira kontutan. Ez da beraz emakumearekin bizi diren familia unitateko gainerako kideen sarrerak zenbatuko. Familia karga edo ardurei dagokienean berriz, eskatzaileak berarekin bizitzen eta bere ardurapean gutxienez senide bat baduela egiaztatuko da.

   Udalak, 10.000 €ko diru partida berezitu du aurtengo eta horren berri emanez, eta eskaerak egiteko epea zabalduz, iragarkia argitaratu du Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean. Eskaerak abenduaren 15a bitartean aurkeztu daitezke. Diru laguntza hauek eskatzeko aukera izan den aurreko hiru urteetan ez da eskaerarik jaso Udaleko Ongizate Zerbitzuetan eta lehen esan bezala, irizpideen errebisioa egitea baloratzen ari dira arloko teknikariak.

Iturria: Oñati Irratia