Odol emaileen elkarteak urteko egutegia finkatu du

2019/01/03
Abuztukoa lotzeko dago baina gainontzeko 11 hilabeteetan odola emateko aukera izango da Oñatin

  2019. honetarako finkatu den odol ateraldi egutegian jaso denez, hilabete bakoitzeko bigarren edo hirugarren ostiralean izango dira odol ateraldiak gurean. Apirilean dena den, araua apurtu egingo da eta odola emateko hitzordua hileko lehen ostiralean finkatu da. Abuztuan berriz, elkartearen autobusa Oñatira etorriko ote den zehazteke dago oraindik, baina gainontzeko hilabete guztietan odola emateko aukera izango da herrian. Horretarako, Donostiatik propio  etortzen den mediku eta erizain taldea Enpresagintza Fakultatera hurbilduko da aurrez zehaztutako egunetan.

  Odola eman, urtean gehienera hiru aldiz eman dezakete emakumeek, hau da, ateraldi batetik bestera, lau hilabeteko tartea utzita. Gizonezkoek berriz, urtean, lau aldiz eman dezakete, hiru hilero- edo, beren eguneroko bizitzan ez dutelako odol galtze nabarmenik izaten.

  Iaz odola ematera hurbildu ziren guztiak bereziki eskertu nahi dituzte Oñatiko odol emaileen elkartetik. Eta bide batez, odol emaile berri egiteko deia zabaldu nahi dute. Odol ateraldien kopurua jaitsiz doa Oñatin. Horregatik urte berrirako helburua emaile berriak animatu eta lehengoko kopuruetara itzultzea da. Gonbidapen berezia egin nahi zaie orain arte odola sekula eman ez duten horiei, balizko odol emaile berriei, alegia. Odola emateko ez da aparteko baldintzarik bete behar; 18 eta 65 urte bitarteko edonor izan daiteke odol emaile baldin eta osasun ona badu. Hori ziurtatzeko, eta ez hartzaileak ezta emaileak berak inolako arriskurik ez duela izango ziurtatzeko, ateraldiaren aurretik mediku kontsultatik pasatzen da beti.

  Odola emateko urteko lehen aukera, lehen hitzordua, datorren astean,  hilaren 11n izango da Enpresagintza fakultatean, arratsaldeko 17:00tatik 19:00tara.

Iturria: Oñati Irratia