Odol emaileen elkarteak 2016ko egutegia zehaztuta, urtean 10 ateraldi izango dira Oñatin

2016/01/05
Emanaldien ordutegia 17.30tatik 20.30etara izango da aurrerantzean

  2016. honetarako finkatu den odol ateraldi egutegian jaso denez, orokorrean, hile bakoitzeko bigarren edo hirugarren ostiralean izango dira odol ateraldiak. Araua dena den, irailean hautsi egingo da, orduan, hileko laugarren ostiralean, iralairen 23an izango delako zita. Izan ere, Oñatiko odol ateraldien egutegia, Donostiatik propio  etortzen den  mediku eta erizain taldearen kalendarioari egokitu behar izaten baita. Egutegian ez dago aparteko nobedaderik aurten. Urtero bezala, uztaila eta abuztuan izan ezik, gainontzeko 10 hilabeteetan odola emateko hitzordu bana izango da Txantxiku Ikastolan. Ordutegia da aldatu edo zabaldu dena. Azken urteetan, 17.30tara aurreratuta zegoen baina 19.30ak arte. Hori ordutegi ofiziala. Baina beti luzatu egiten zela ikusita, hileko hitzordua 20.30ak arte luzatzea erabaki da. Hala, aurrerantzean, odola 17.30tatik 20.30ra eman ahal izango da.

Emakumezkoek, urtean gehienera hiru aldiz eman dezakete odola, hau da, ateraldi batetik bestera, lau hilabeteko tartea utzita. Gizonezkoek berriz, beren eguneroko bizitzan odol galtze nabarmenik ez dutenez, urtean, lau aldiz eman dezakete, hiru hilero edo.

  Oñatiko odol emaileen elkartetik, bereziki eskertu nahi dituzte iaz odola ematera hurbildu ziren guztiak. Azken bi urteetan, odol ateraldi kopurua jaitsi egin da Oñatin. Horretxegatik, urte berri honetarako helburua, lehengo kopuruetara iristea da. Alde horretatik, gonbidapen berezia egin nahi zaie orain arte odola sekula eman ez duten horiei, odol emaile berriei, alegia, animatu daitezen. Ez da aparteko baldintzarik bete behar: 18 eta 65 urte bitarteko edonor izan daiteke odol emaile baldin eta osasun ona badu. Hori ziurtatzeko eta ez hartzaileak ezta emaileak berak inolako arriskurik ez duela izango ziurtatzeko ateraldiaren aurretik mediku kontsultatik pasatzen da beti.

  Odola emateko urteko lehen aukera, lehen hitzordua, datorren astean,  hilaren 15ean izango da Txantxiku Ikastolako aretoan. Gogoratu, arratsaldeko 17.30tatik 20.30tara.

Iturria: Oñati Irratia