Nikolas Segurola omenduko dute azaroaren 26an Arantzazun

2016/11/21
Card image cap
Fraide, artzain eta bertsolariaren berri ematen duen liburua osatu da

  Datorren larunbatean, hilaren 26an, Nikolas Segurola fraide, artzain eta bertsolaria izeneko liburua aurkeztuko da Arantzazuko Gandiaga Topagunean. Edizio Frantziskotarrak Arantzazu argitaletxeak argitara eman berri duen lan hau, hiru egileren artean osatu dute: Xabier Euskitzek, bertsolariaren atala idatzi du, Iñaki Beristain berriz, fraidearen atalaren arduradun nagusia izan da eta artzainaren atala azkenik, Eduardo Urartek burutu du. Larunbateko aurkezpena baliatuz, lagunek, merezitako omenaldia egingo diote Nikolas Segurolari.

  Fraide bezala, Arantzazuko anaiartean bizi da Nikolas Segurola bere bizitzaren zati handi bat Gomiztegi baserrian egiten badu ere. Artzain gisa berriz, artzaintzari berritasun-bide aurreratuak eskainitako gizona da. Arloan diharduten pertsona askok ezagutzen dute, eta guztiek laguntzaile eta hurbileko izan dutela azpimarratzen dute. Eta bertsolari bezala ere, ezaguna da: bai bertsolarien artean, bai bertsolariei gaiak ematen ikusi duten Euskal Herriko bazter askotan. Guzti hori gogoan, eta bere bizitzan egin duen lan oparoa eskertu asmoz, Edizio Frantziskotarrak Arantzazu argitaletxeak, bere bizitzaren laburpena egiten duen liburua argitaratzea erabaki du.

  Liburuaren aurkezpena Arantzazuko Gandiaga Topagunean egingo da, azaroaren 26an,  11:00etan, eta aurkezpena bera baliatuz, Nikolasi omenaldia egingo zaio.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!