Nerabeentzako arropa eta oinetako bilketa astebetez luzatu du Hotz Oñatik

2018/12/04
Card image cap
Adin txikiko etorkinen beharrak asetzeko materiala datorren astelehenera arte batuko da herriko ikastetxeetan

  Cadiztik jasotako premiazko laguntza eskaerari erantzuten saiatzen ari da Hotz Oñati taldea. 11-16 urte arteko etorkinen beharrei erantzuteko neguko arropa eta oinetakoak batzen ari dira. Ikastetxeekin elkarlanean bideratu da material bilketa berezi hau eta atzo amaitzekoa zen kanpaina astebetez, datorren astelehenera arte luzatzea erabaki da, eskoletako arduradunen eskariz. Hala, gutxienez 20 kaxa material batzeko helburua bete nahi du Hotz Oñatik. Orain arte, eta bilketa bizpahiru egunez soilik eginda,16 kaxa arropa eta oinetakoz betetzea lortu dute.

  Hotz Oñati taldeak etxean atzera utzi baina erabilgarri dauden nerabeentzako arropa eta oinetakoak batu nahi ditu. Horretarako mezua ikastetxeetan ez ezik, sare sozialen bidez ere zabaldu zuen pasa den astean. Herriko ikastetxeetan materiala batzeko guneak egokitu ziren eta bilketarekin jarraituko dute gaur, bihar eta datorren astelehenean ere.

  Abenduko zubia tarteko ikastetxeak ostegunean eta ostiralean itxi egingo dira baina arropa eta oinetakoak Hermansoloñaren lokal aurrean dagoen edukiontzian utzi daitezkeela adierazi digute Hotz Oñati taldeko kideek. Edukiontzi hori kale Zaharrak eta Lizaur kaleak bat egiten duten gunean dago eta kartel bidez adierazten da Hermansoloña eta Hotz Oñatiren erabilerarako dela.

  Datorren astelehenera arte gurean batuko diren arropa eta oinetakoak Cadizera berehala bidaliko dira, datorren astean bertan.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!