Nerabeen botiloiak atzeman dituzte udaltzainek, bart

2020/10/06
Card image cap
Patruilaz hurbildu ahala ihes egin dute 13-17 urte bitarteko gaztetxoek, graduazio altuko alkoholdun edariak utzita

  Ez jaien bigarren asteburuan hainbat botiloi atzeman dituzte udaltzainek. Baina domeka goizaldean eta bart atzemandakoen artean edaleen adinak arreta eman diela azpimarratu du udaltzainburuak. Zapatutik domekarako gauean 16-20 urte bitarteko gazteak izan dira nagusiki kalean taldean edaten topatu dituztenak, bart berriz, 13-17 urte bitarteko nerabeak. Guztien jokaera antzekoa izan da; erdiguneko kaleetatik aparte dauden guneetan bildu eta graduazio altuko alkoholdun edariak irentsi. Horren lekuko, udaltzainen patruila hurbiltzean ihes egin eta utzi dituzten vodka, ginebra eta antzerako edarien botilak.

  Inguruko bizilagunek abisua emanda, edo ohiko patruila ibilbideak osatuta, San Martinen, Santa Lutzian, Unibertsitate etorbidean, Enpresagintza fakultate inguruan, anbulatorio ondoko aparkalekuan edota lurrazpiko kiroldegiko eta Kalegoienako aparkalekuetan antzeman dira botila festa egiten ari ziren hainbat talde. Udaltzainak ikusi orduko antxintxika ihes egin dute.

  Zenbait nerabe eta gazte taldetan edaten aritu den bitartean tabernariek oso arduratsu jokatu dutela azpimarratu nahi izan du udaltzain buruak. Ordutegia eta segurtasun neurriak zuhur bete dituzte. Hori hala izan zedin lan egin dute udaltzainek eta bereziki ertzainek, bai asteburu honetan baina nagusiki aurrekoan. Horren ondorioz, Xagu taberna itxiarazi zuten, osasun-krisialdiari aurre egiteko prebentzio-neurrien dekretuaren hainbat puntu urratzen zituelako: lokal barruan zein kanpoan zutik kontsumitzen, tabernan erretzen, distantziak gorde gabe eta musukorik gabe. Taberna jabearen kontrako salaketak jasotzeaz gain, hainbat bezero identifikatu eta salatu zituen Ertzaintzak, musukoa ez eramateagatik.

  Ez jaietan egindako zaintza lan horri leporatu dio udaltzainburuak udaltzainen kontra domeka goizaldean egindako pintadak. Zuek ere txakurrak zarete eta kontuz txakurrak pintadak agertu ziren udaltzaingoaren sarrera ondoan eta garajeko atean. Domeka goizean bertan garbitu ziren pintadok gaitzetsi ditu Udalak eta erabateko babesa agertu die udal langile diren udaltzainei.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!