Nekane Maiztegi Ugartek zinegotzi kargua hartuko du arratsaldeko Osoko Bilkuran

2016/09/27
Maiztegik, Miren Elgarresta ordezkatuko du EAJren Udal Taldean

  San Migel eguna tarteko, ostegunarekin beharko lukeen iraileko Osoko Bilkura gaur arratsaldean egingo da. Ohikoa den azkeneko agiriaren onespenaren ondoren, Miren Nekane Maiztegi Ugarte andreak zinegotzi kargua hartuko du eta horren ondorioz EAJ-ko lan batzordeetako ordezkarien aldaketa onartuko da. Nekane Maiztegi Ugarte uztailean zinegotzi karguari uko egin zion Miren Elgarresta ordezkatzera dator. Miren Elgarresta, udal hauteskundeetan alkategai izan zen eta ia urtebetez talde jeltzalearen bozeramale. Nekane Maiztegik ez du haren ardura mailarik izango baina jeltzaleek iazko hauteskundeetan lortutako zazpigarren jesarlekua beteko du. Nekane Maiztegi Ugarte Enpresa Zientzietan lizentziatua eta Mondragon Unibertsitateko Enpresagintza fakultatean irakasle da. Irakasteko bokazioa eta taldean lan egiteko ohitura duela azpimarratu zuen Oñatiko EAJk zinegotzi kargua hartuko zuela iragartzerakoan.

  Maiztegi zein batzorde informatibotan arituko den eta ondorioz, jeltzaleek gainontzekoetan duten ordezkaritza nola birmoldatzen den jakinaraziko da arratsaldeko Osoko Bilkuran. Lan zerrendan 17 gai jaso dira. Aipatutakoaz gain, araututako aparkalekuen udal ordenantza behin betiko izaeraz onartzea eta Udal Plangintzako aholku Batzordearen Araudiaren aldaketaren behin betiko onarpena proposatuko dira. AGITAX Gipuzkoako Taxilarien Elkarteak datorren urterako egin duen tarifa proposamena eta hainbat Alkate Dekreturen berri ere emango da.

  Bi mozio idatzi ere aurkeztuko dira arratsaldeko Osoko Bilkuran: Diktadura frankistaren krimenen inguruan, Udalbatzako bi taldeek elkarrekin osatu dutena bat, eta Arantzazuko harrobiaren inguruan EH Bilduk sinatzen duena, bestea.

  Ohikoa litzatekeena baino bi egun lehenago baina betiko orduan, 19.30tan hasiko da gaur iraileko Osoko Bilkura.

Iturria: Oñati Irratia