Neguko gida osatu berri du Udalak

2017/02/09
Negu parteko kultur eskaintza zabala kartel bakarrean bildu da

  Egitaraua anitza gerta dadin ahalegin berezia egin da eta jorratuko diren disziplina desberdinetan islatu da. Musikak presentzia aipagarria du kaleratu berri den lehenengo Neguko gidan, baina musika estilo ezberdinetaz gozatzeko aukera izango da datozen astetan. Bestelakoan, irakurraldi bertsotua, dantza, helduentzako ipuin kontaketa edota antzerki emanaldiak programatu eta jaso dira. Ildo horretan, prestatu den egitaraua ausarta dela azaldu du Kultura Batzordeburu Nerea Zubiak.

  Berrikuntzen atalean espazioen erabilera azpimarratu behar da. Negua izanik, kale-ekitaldiak ez dira ohikoak izaten baina  Tio Teronen Semeak dantza ikuskizunak plaza hartuko du otsailaren 18ko eguerdian, eta martxoaren 5ean berriz, Iban Urizar musikariaren Amorante kontzertua udaletxeko areto nagusian izango da.

  Egun seinalatuak ere gogoraraziko dira egitarau honen baitan, esaterako, Emakumeen Nazioarteko Egunean Konpasetan: bidaia intimo bat emakumeen istorioetan zehar ekitaldia izango da liburutegian. Bost emakumeren bizitza eta obra errepasatzen da, Kuban hasi eta Euskal Herrian amaiera duen ibilbidean. Bestetik, Korrika Kulturalaren baitan, Koadernoa zuri antzezlana izango da martxoaren 12an. Tartean, inauteriak ere ospatuko dira eta horiei lotutako kultur ekintzak inauterietako ohiko esku-orrian jasoko dira.

  Lehenengo Neguko gida hau A3 neurriko karteletan argitaratu da. Dagoeneko, kalean ikus daitezkeen kartelak. Hasiera batetan, Neguko gida eta uda partean argitaratzen den Kalean programazio eta kartel bateratuak osatuko ditu Udalak. Udaberrian eta udazkenean ere kultur ekintzak ugari dira, auzoetako jaiak eta herriko jai nagusiak urtaro horietan ospatzen baitira. Bi urte sasoi horietan antolatzen diren ekintza askotan herriko eragile eta taldeak nagusi dira eta ekimen hori sustatzen jarraitu nahi du udalak. Baina ez da guztiz baztertzen, urtaro bakoitzean halako egitarau bateratu bat argitaratzea.

  Neguko gida honetan jaso den lehenengo hitzordua igandean gauzatuko da: Gaztelekuko bertso paper lehiaketako sari banaketa eta Kafkaren aulkia ikuskizuna izango dira Gaztelekuan bertan.

Iturria: Oñati Irratia