Nazioarteko lankidetza eredu berriak lantzen ari da Baltistan Fundazioa

2020/01/15
Card image cap
Egiten ari diren lanaren berri emango dute Kultur etxean, arratsaldean

  Baltistan Fundazioak gaur arte indarrean egon diren, edo dauden, ereduen inguruan gogoeta egin nahi du, bere esperientziatik hasita. Nazioarteko lankidetza eredu berri bat urratu nahi du. Mondragon unibertsitatearekin elkarlanean, elkartrukea egin dute Baltistango ikasleekin. Hango bi lagun Oñatin izan dira ekintzailetza eta lidergoa lantzen eta hil amaieran Oihane Aizpurua ikasle oñatiarra hara joango da, ikasle baltiar horietako batekin,  hemen ikasitakoa elkarrekin praktikan jartzea. Oñatin jasotako formazioa Baltistango 20 gazteri transmitituko diete, euren proiektuak martxan jartzeko oinarri eta lagungarri.

  Hushe ibarreko emakumeen bizitza gogorra azaltzen duen ikus-entzunezkoa ikustera emango da gaur arratsaldean Baltistan Fundazioak antolatu duen ekitaldian. I forgot myself somewhere izenburua dauka filmak eta baltieraz eta ingelesez dago. Hala pantailaratuko da gurean, baina gaztelerazko azpitituluz lagunduta.

  Film laburraren ostean solasaldiari ekingo diote hiru hizlarik. Shazia Maryam da horietako bat, Oñatiko Mondragon Unibertsitatean ikasten jardun den neska baltiar gaztea eta ikasitako metodologiak Baltistanen eta Hushe ibarrean praktikan jartzeko konpromisoa agertu duena. Giza-eskubideen eta demokraziaren aldeko borrokan erreferente den Pedro Ibarrak ere berba egingo du, Baltistan Fundazioko presidente den aldetik. Eta hirugarrena, Fundazioko partaide den Alberto Iñurrategi mendizalea izango da. Sarrera doan eta interesa duen edonorentzat izango da. Dokumental emanaldia eta solasaldia Kultur etxeko zinema aretoan izango da, 19:00tan hasita.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!