"Nazio Batuen Erakundearen Giza Eskubideak eta Printzipio Gidariak Oñatiko enpresetan" gaia aztertuko da Oñatiko Udala-Grant bekari esker

2020/04/28
Card image cap
Maider Zilbeti ikertzaile donostiarraren proposamena hautatu du epaimahaiak

  Giza eskubideak arlo ezberdinetan inplementatzeko oinarri edo printzipio gidariak zehaztu ohi ditu Nazio Batuen Erakundeak. Horiek Oñatiko enpresetan eta hauek nazioartean dituzten egoitzetan nola gauzatzen diren aztertuko du Maider Zilbetik, Oñatiko Udala-Grant bekari esker. Horretarako bulego edo egoitza nagusia Oñatin duten baina nazioartean ordezkaritza duten enpresak hartuko dira ikerketa xede. Eta hartarako propio dituzten plangintza eta protokoloak aztertuko dira, Oñatin zein kanpoko egoitzetan.

  Giza eskubideak inplementatzeko tresnak aztergai izango dira, esan bezala. Berdintasun planak, diskriminazioa saihesteko bitartekoak, giza eskubide egitasmoak, etika kodeak, enpresaren erantzukizun sozialerako planak, mobbing edo lan bazterkeria eta sexu jazarpenarekiko dituzten protokolo eta erreparazio mekanismoak ikertuko dira, besteak beste.

  Oñatiko Udala-Grant beka irabazi duen Maider Zilbeti Perez donostiarra, Giza Antropologian eta Filosofian lizentziatua da. Gainera, Lege Soziologia Institutuko masterra egin zuen 2000-2001 ikasturtean eta hiru urte beranduago, 2004an, institutuak ematen duen egoitza beka jaso zuen. Esperientzia zabala du antropologia, feminismoa eta genero arloko gaiak irakasten, Euskal Herriko nahiz Ameriketako unibertsitateetan. Hainbat artikulu, elkarrizketa eta liburu ere argitaratu ditu.

  Oñatiko Udala-Grant beka Udalak eta Lege Soziologia Institutuak 2016ko udan sinatu zuten elkarlanerako hitzarmenaren babesean sortu zen. Urtero kaleratzen da eta Oñatiko herriari ekarpena egiten dioten proiektuak finantzatzea du helburu. Dagoeneko bost ikerketa lan gauzatu dira beka honi esker eta seigarrena abian da jada. Maider Zilbetik, irailaren 7rako aurkeztu beharko du osatutako lana. Horretarako, 4.000 euroko beka jasoko du, ordainketa epe ezberdinetan.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!