Natur eskola eta baratze parkearen ondoko argindar kasetak margotzen ari dira

2018/01/17
Card image cap
Eva Mena artista bilbotarra ari da kasetak natura irudiz apaintzen

  Iaz erabaki zuen udalak Natur eskola eta San Martingo baratze parkearen ondoko argindar kasetak graffiti artistikoz margotzea. Horretarako Eva Mena artista bilbotarrarekin harremanetan jarri eta diseinu proposamena eskatu zion. Natur eskolarako bidean dauden elkarren segidako bi kasetetan desagertzeko arriskuan dagoen tximeleta zuria eta hegazti harrapari baten burua margotu ditu eta San Martingo baratze parkearen sarrerakoan, haur baten aurpegia eta hainbat lore eta ortuko produktu koloretsu. Irudiak, inguruan dituen eraikin, gune eta helburuekin uztartzea izan da helburua.

  Pasa den astean hasi zen Eva Mena bere graffitiak margotzen. Azkenaldian izan diren egun ateri urriak aprobetxatuz, lanei azken ukituak, ostegunean-edo ematea aurreikusten du.

  Menak 20 urte pasa daramatza graffitiak margotzen eta kale artistatzat du bere burua. Euskal Herrian eta estatuan ez ezik, Frantzian, Marokon, Brasilen, Palestinan, Egipton, Erresuma Batuan edota Norvegian topatu daitezke artista bilbotarraren lanak. Aurrerantzean, Oñatin ere izango dira.

  Hiru graffitien diseinu eta exekuzio lanen aurrekontua 5000 euro gehi BEZa izan da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!