Natur eskola birgaitzeko lehen faseko lanak egingo dira datozen hilabeteetan

2018/06/15
Osasungarria eta energetikoki oso eraginkorra den aztarna txikiko eraikina lortzea da esku-hartzearen helburua

  Oreka Arkitektura taldeak egin zuen Natur eskolaren birgaitze proiektua. Hainbat lan egitea aurreikusten da eta faseka gauzatuko dira. Orain lizitazio prozesuan dauden lanak lehen faseari dagozkionak dira.

  Eskola kanpoaldeko urbanizazio lanaz gain fatxada nagusia birgaituko da; lastoz isolatuko da eta egurrezko estruktura batez estaliko da. Beheko solairuko paretak bota egingo dira gainera, egurrezko hormez ordezkatzeko. Sarreran portxe moduko bat egingo da, eraikinaren goiko solairuan terraza sortuz. Fitoarazketa sistema berria ere jarriko da hondakinak tratatzeko eta behe solairuko komunak berrituko dira, komun lehorrak jarriko dira. Azkenik, zoru berria jarriko da eskolaren sarrerako solairu horretan.

  Birgaitze proiektu honen helburua osasungarria eta energetikoki oso eraginkorra den aztarna txikiko eraikin bat lortzea da. Natur eskola barne espazio eder eta erosoa izan dadin lortu nahi da bioeraikuntza eta bioklimatika kontzeptuak erabiliz. Lanak amaituta, eraikina energetikoki oso eraginkorra izango da, energia kontsumoa ahal bezain beste murrizteko bitartekoak jarriko direlako, ahal den neurrian, energia iturri berriztagarrien bitartez. Eta aztarna ekologiko txikia izango du, tokiko material naturalen erabilpena eta tokiko baliabideak lehenetsiko direlako.

  Eraikina osotasunean landu eta honen funtzio pedagogikoa balioan jartzeko lanak egitea bilatzen du udalak, egiten diren interbentzioak eta jartzen diren sistemak, jasangarritasunaren kontzeptua adierazi eta erakusteko erabilgarriak izan daitezen.

  Oreka enpresak osatu duen proiektuaren lehen fasea gauzatzeko lanak esleipen prozesuan daude. Enpresek uztailaren 11ra arteko epea dute proposamenak aurkezteko. Lanen lizitazio aurrekontua 252.266 eurotan finkatu du udalak.

Iturri: Oñati Irratia