Natrako langileen aldarrikapenak plazara eramango dira bihar

2019/12/11
Card image cap
Txokolatada antolatu dute eta ordu erdiko elkarretaratzea, 19:00tan

  Astelehenean hasi ziren Natrako langileak lan txanda bakoitzeko bi orduko lanuzteak egiten hitzarmen berria aldarrikatzeko. Lanuzte horiek txanda bakoitzaren hasiera eta amaierako orduetan egin ohi dituzte: 5:00tatik 7:00tara, 13:00tatik 15:00 eta 21:00etik 23:00tara. Bihar ordea, elkarretaratzea plazara eramango dute eta 19:00tatik 19:30tara egingo dutela iragarri zuten atzo arratsaldeko kontzentrazioan. Era berean, 18:00tan, plazan txokolatada  egingo dutela aurreratu zuten.

  2018a amaitzearekin batera bukatu zen Natrako langileen lan hitzarmena eta urte hasieratik hainbat bilera egin dituzten arren, negoziaketek ez dute aurrera egin. Langileen ordezkariek aurreko lan hitzarmenean finkatu ziren puntuetatik abiatzea proposatzen dute, enpresak berriz, atzera egitea. Hauek dira langileen aldetiko eskaera nagusiak: errelebo kontratuaren gauzatzea; 4. erreleboko plusa hobetzea; kategoriaren igoera antzinatasunaren arabera; behin-behineko langileen egoera hobetzea; ultra-aktibitate mugagabea; eta KPIaren gaineko soldata igoera. Patronalak, aldiz, eskubide galera ekarriko luketen puntu atzerakoiak proposatzen dituela salatzen du ELA sindikatuak: lanaldiaren igoera edota kategoria berria langile berrientzat, malgutasuna handitzea eta absentismoaren aurkako neurriak, besteak beste.

  Bi orduko lanuzteak hilaren 19ra arte luzatzea onartu zuen langileen gehiengoak azaroaren 29an egin zen asanbladan. Enpresa ordezkariekin biltzeko datarik ez dagoela adierazi dute ELAko ordezkariek baina ateak zabalik dizutela azpimarratu dute.

  Natrako langileen komitea 13 lagunek osatzen dute, ELAk 9 ordezkari ditu eta LABek 4. Atzo arratsaldeko elkarretaratzean Oñatiko eta eskualdeko beste hainbat enpresetako sindikal ordezkarien babesa jaso zuten Natrako langileek.


Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!