NAPARDEATH, “Ataun Of The Dead” trilogia ixten duen filma Oñatin pantailaratuko da

2019/06/24
Card image cap
Emanaldia gaztetxean izango da, uztailaren 9an

  Maiatza eta ekainean zehar egin da Napardeath filmaren aurkezpen bira Euskal Herrian barrena, baina pitin bat luzatuta, uztailaren 9an Oñatin ere ikusi ahal izango da, Antixena gaztetxekoek hala eskatuta.

  Bost urteko etenaldia eta gero, maiatzaren 5ean estreinatu zuten Napardeath, euskal zonbien trilogiari amaiera eman dion alea. Lehenengo filmean berpiztu eta bigarrenean Eusko Alderdi Banpiroa garaitu ondoren, Zumalakarregi zonbia Iruñeara bidean abiatuko da bere burua euskaldunen errege izendatzeko asmoz. Gauzak ez dira uste bezain errazak izango, Ezker Abertzaleak Antso Azkarra Momia berpiztuko baitu, Nafar Erresuma berrezarri eta tronua berreskuratzeko. Nor izango da garaile, euskal tronua lortzeko abentura berri honetan?

  Beñat Iturrioz  eta Xabier Padin zuzendarien filma da Napardeath (2019), eta ildo beretik aurretik egindako Ataun of the Dead eta Joxean’s Hil Eben jarraipena da. Jon Tomas eta Josu Jon Tomas zientzialari karlistek Zumalakarrei berpiztu zuten lehenengo filmean, eta baita ataundar guztiak zonbi bihurtu ere. Istorioaren bigarren alean, berriz, XIX. mendean hildako soldadu karlistak berpiztu eta Alderdi Nazionalista Banpiroa garaitu zituzten. Antso Azkarra momiaren berpizkundearekin jarraituko dute orain kontakizuna.

  Donostiako Antzoki Zaharrean estreinatu zuten filma maiatzaren 5ean, eta ondoren sinbolismoz betetako aurkezpen berezi bat egin zuten Ormaiztegiko Zumalakarregi museoan. Ondoren osatu zen aurkezpen biran ez zen Oñati sartu baina Antixena gaztetxean ikusteko interesa azaldu zuten hainbat lagunek eta zuzendariekin harremanetan jarri ziren, gurera ekartzeko. Eta emaitza, uztailaren 9an Napardeath Antixenan ikusgai izango dela. Filma uztailaren 9an, 22:00tan emango da. Saiora gainera, filmaren egileak etorriko dira, lana aurkezteko.

  Oñatin, orain urte batzuk jada Ataun of The Dead trilogiari dagozkion lehen bi filmak pantailaratu ziren, orduko hartan ere gaztetxean. Baina orduan ikusterik izan ez zutenentzat, eta filma bilduma bere osotasunean ezagutzeko, aurreko astean, uztailaren 2an, Ataun of the dead, 2011ko filma, eta Joxean’s hil eben, 2014koa, elkarren segidan emango dira. Gainera, eguraldi ona eginez gero, emanaldia gaztetxe kanpoaldean egingo da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!