Musikak presentzia berezia du aurtengo Gabonetako egitarauan.

2014/12/15
Carmina Burana lanaren emanaldiari, HOTS LARRETAN ikuskizuna, Oñati abesbatzak, bandak eta Jose de Azpiazu musika eskolakoek egingo dituzten emanaldiak batu behar zaizkio.

Etxeetara banatzen ari dira jada Eguberritako kultur egitaraua. Eta bertan jaso diren lehen ekitaldiak burutu ere burutu dira. Atzo arratsaldean esaterako, Gabonetako kontzertu berezia izan zen Parrokian.

Horren haritik, aurten ere, musikak egitarauan aipatzeko lekua duela esan behar da. Ostiralean, hilaren 19an, HOTS LARRETAN, Juan Mari Beltran musikariaren ikuskizun berria izango dugu Santa Ana aretoan. Musika, dantza eta olerkiak uztartzen dituen ikuskizun honetarako sarrerak, dagoeneko eskuratu daitezke internet bidez, www.bibe.me webgunean. Aurrez hartuta nahiz egunean bertan, sarrerak 10 eurotan ordaindu beharko dira.

Baina musika zita gehiago ere izango ditugu. Zapatuan, Ganbara Txikik Altxorraren uhartea musikalaren aurre erakustaldia egingo du, Oñati Abesbatzak agustinoetan kantatuko du eta egun berean, Aita Madina Txistulari taldeak eta Jose de Azpiazu musika eskolako akordeoilariak ere Gabonetako kontzertua eskainiko dute udaletxeko arkupetan. Musika eskolako ikasleak, Olentzerori laguntzen ere arituko dira eta abenduaren 30ean, Eguneko zentrora hurbilduko dira.

Musika bandak ere Gabon kantak eskainiko ditu hilaren 24 ilunkaran eta Errege egunean ohiko kontzertua joko du.

Musika eskaintza zabala ostuz, Ganbara Abesbatzaren 20. urteurreneko ospakizunen baitan, Carmina Burana emanaldia izango da hilaren 28an, Zubikoa pilotalekuan. Sarrerak, salgai daude Txokolateixian.

Aipagarria da baita ere, abenduaren 26an, berpizkunde garaiko euskal musika emanaldi klasikoa izango dela Sancti Spiritus unibertsitateko kaperan.

Urteroko moduan, ur jokoak, haur parkea, zine emanaldi bereziak, kuadrilen arteko saskibaloi eta futbito txapelketak, San Silbestre lasterketa eta noski, Olentzero eta Errege Magoei harrera izango dira.

Hitzaldiek ere lekua daukate Gabonetako egitarauan, hilaren 23an, Ilatargi elkartearen eskutik “Rosetta” kometaren inguruko misioaz argibideak emango dira eta 27an, Antton Azpiazuk “Txokolatea Oñatin” hitzaldia egingo du turismo bulegoan.

Gainera publiko gaztetxoari zuzenduta, hilaren 27an Poxpolo ta konpainia pailazoen ikuskizun bikoitza izango da Santa Ana aretoan. Haurrei zuzenduta baita ere, Arrikrutzen bisita bereziak egingo dira abenduaren 30ean eta urtarrilaren 3an. Txaloka ludotekan ere jardunaldi irekiak izango dira, hilaren 22, 23, 29, 30 eta urtarrilaren 5ean. Eta Oñati ezagutu jolasten ginkana jokoa, urtarrilaren 5ean.

Egun berean, gauean Errege bezperako bertso jaialdia izango da Zubikoa pilotalekuan. Aurtengo Gabonetako egitarauak, 21 mila euroko aurrekontua du.

Iturria: Oñati irratia

Irudia: Gabonetako egitaraua 2014