Musika eskolari ia 69.000 euro emango dizkio Udalak urteko diru laguntzaren bigarren zatiaren ordainketa kontzeptuan

2015/12/29

  2014ko otsailean onartu zen Udala eta Jose de Azpiazu musika eskolaren arteko lankidetza hitzarmena. 2018ra arteko indarraldia duen hitzarmenaren arabera, Udalak, urtero diru laguntza bat ematen dio musika eskolari baina honek, era berean, erabiltzen duen eraikinaren errenta ordaintzen dio Udalari.

  2015eko aurrekontuetan jada, Jose de Azpiazu eskolari 137.5000 euroko  diru laguntza ematea jaso zen musika eskolak dituen gastuei aurre egiteko. Diru laguntzaren erdia ikasturte hasieran, irailean ordaindu zen, orain, bigarren zatia ordaintzea erabaki da. Aurrez dena den, eta aipatu lankidetza hitzarmenean zehazten den bezala, Jose de Azpiazu musika eskolak jarduera eta ekonomia txostenak aurkeztu ditu. Dokumentazioan, egin diren jarduerak eta lortutako emaitzak zehazten dira eta izan diren gastu eta inbertsioen zerrenda, fakturak, eta jasotako beste sarrera edo diru laguntzak zerrendatzen dira.

  Txostenak ontzat emanda, urteko diru laguntzaren bigarren zatia ordaintzea erabaki da Tokiko Gobernu Batzarrean. Jose de Azpiazu musika eskolari  68.765,80 € emango zaizkio baina bestaldetik, 20.592,00 € kobratuko zaizkio, Gorritxitxi eraikinaren alokairu gisa.

Iturria: Oñati Irratia

Jose de Azpiazuko ikasle talde bat eskola atarian