Musika eskolako irisgarritasuna hobetzeko lanak egiten hasi dira

2016/11/29
Card image cap
Bi arrapala eta elbarrituentzako komuna egokituko dira

  Ugarte enpresari esleitu zitzaizkion lanok pasa den asteko Tokiko Gobernu Batzarrean eta atzo bertan jada, lanean hasi ziren. Eskolarako sarreran arrapala egingo dute eta kanpoko moduluetako bateko sarreran ere bai. Horrezaz gain, eraikin nagusiko sarrerako oinean, elbarrituentzako komuna egokituko da, egun dauden hiru komunak bi bihurtuz. Komun berrian haurrei pardelak aldatzeko mahaitxoa ere jarri asmo da. Ugarte enpresak hasi dituen lan hauek, 21.000 euroko aurrekontua dute. Kopuru horri BEZa batu behar zaio.

  Arrapalak egin eta elbarrientzako komuna egokitzean, musika eskolaren inguruan udan egin ziren lanak osatu nahi dira. Orduan, eskola goialdeko aparkalekuak eta eskailerak egokitu ziren eta argiteria hobetu zen, eraikinaren kanpoaldeko irisgarritasuna hobetuz. Azaroaren 8an prentsaurrera agertu ziren udaleko eta musika eskolako ordezkariak, atzo hasi ziren lanen berri emateko. Orduan jada denek onartu zuten musika eskolaren egungo kokapena ez dela egokiena. Gorritxitxiko aldapa berak iristeko zailtasunak jartzen ditu eta eraikina ere txiki geratu da, egun Jose de Azpiazuk 380 ikasle baitauzka. Etorkizunera begira, balizko kokapen berriak aztertzen hasi direla ere adierazi zuen Nerea Zubia kultura zinegotziak. Baina bitartean, irisgarritasuna hobetzeko lanak egiten ari dira.

  Era berean, musika eskolari ikasturte honetarako hitzemandako diru laguntzaren lehen zatia ordaintzea onartu du gobernu taldeak. Udalak eta Jose de Azpiazu musika eskolak 2014-2018 urte tarterako sinatu zuten finantzazio hitzarmenaren arabera, ikasturte honetan, 137.531,78 euroko diru laguntza emango dio udalak. Orain, laguntza horren lehen zatia, erdia ordaintzea erabaki da, 68.765,8 euro.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!