Munilla gotzainaren kontrako elkarretaratzea deitu du Oñatiko Sare Feministak larunbatean Arantzazun

2018/03/22
Card image cap
Donostiako elizbarrutiak antolatuta Erremu zapatuko urteroko erromesaldia egingo da Santutegira

  Jose Ignacio Munilla Donostiako gotzainak feminismoaren kontrako adierazpen polemikoak egin zituen Radio Maria irratian, martxoaren 8ko emakumeen greba zela eta. Deabruak feminismoari gola sartu ziola esan zuen Munillak. Mugimendu feminista ez ezik, erakunde ezberdinek bere haserrea azaldu zuten adierazpen hauen aurka eta Arantzazun, Munilla, deabrua zure bila zioen pankarta agertu zen egun gutxira. Lema hori eramango du Oñatiko Sare Feministak larunbatean Arantzazun antolatu duen elkarretaratzean, gotzainaren kontra protesta egiteko. Izan ere, Erramu igandearen bezperan urteroko erromesaldia egingo baita Arantzazura, Donostiako elizbarrutiak antolatuta.

  Amarenean denok etxeko izango da aurtengo erromesaldiaren lema. Martxaren buruan, bihar Oñatira, Santa Ana komentura ekarriko den Lanpedusako gurutzea eramango da. Ibilaldia 9:00tan abiatuko da Soraluze hotela izan zenekoaren aurrealdetik eta Arantzazura 11:00ak inguruan iristea espero da. Eguerdian berriz, meza emango du Jose Inazio Munilla gotzainak. Bidean, ohikoa denez, hausnarketarako mezuak zabaldu eta  otoitzak eta bertso nahiz kantuak tartekatuko dira. Urtetan Arantzazuko ibilaldi hau antolatzearen ardura izan zuen Iñaki Beristain frantziskotarra gogoan izango da, bere heriotzaren ondorengo lehen igoera izango baita larunbatekoa. Ibilbidean, ohikoa denez, Gurutze Gorriko boluntarioak egongo dira. Ondo gosalduta eta oinetako erosoz jantzita joatea gomendatzen da. Eta oinez joan ezin dutenek autobusez igo ahal izango dute, oinezkoen atzetik. Baina Arantzazura iristerakoan erromesek feministen protesta topatuko dute, Oñatiko Sare Feministak kontzentrazioa deitu baitu, esan bezala. Bailarako feministei parte hartzeko gonbidapena egin zaie Oñatitik.

  Oinezkoen ibilaldia segurtasunez egin dadin, Arantzazurako bidea 8:30tan itxiko da larunbatean. Horregatik, Sare feministak, hitzordua, 5 minutu lehenago, 8:25etan egin du Santa Marina plazan, Santutegiraino autoz joan ahal izateko.  Protesta elkarretaratzea Munilla, deabrua zure bila! lemapean egingo da eta deabru karetak eta bestelako osagarriak eramatea eskatu da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!