Mundu osoko 300 ikertzaile bilduko dira datorren astean Oñatin, Lege Soziologiako Nazioarteko Kongresuan

2019/06/14
Card image cap
Lege Soziologia Institutuaren 30. urteurrena ospatzeko konfresua, ekainaren 19tik 21era izango da

  Belaunaldiak elkartuz, justizia globalerako izenburua du biltzarrak, eta mundu zabaletik etorriko diren 300 aditu batuko ditu Oñatin hiru egunetan. Belaunaldi ezberdinen arteko adituek hausnarketa egitea da helburua, maila globalean gertatzen ari diren aldaketek zuzenbidearen soziologiarentzat planteatzen dituzten arazo eta erronka handien gainean hausnarketa egitea.

  Kongresuak dirauen hiru egunetan, etengabe eta aldi berean, lege soziologiaren esparruan dauden hainbat gai landuko dira saio eta paneletan. Tartean puri-purian dauden gaiak izango dira, hala nola lokalismoa eta populismoa, garapen sostengarria, gutxiengoen hizkuntza eskubideak, bazterketaren politika ekonomikoak, generoa, sexua eta intersekzioak, klinika juridikoak edota big data delakoa, besteak beste. Horretarako, kongresuko bilera eta saioak erdiguneko zenbait espaziotan egingo dira: Unibertsitate zaharrean bertan, udaletxean, Gipuzkoako Protokoloen Artxibo Historikoan, Pake Lekun eta Kultur Etxeko zine aretoan. Osoko batzarrak Santa Ana antzokian egingo dira.

  Belaunaldiak elkartuz justizia globalerako nazioarteko kongresu hau Oñatiko Lege Soziologia Institutuak eta Research Committee for the Sociology of Law nazioarteko elkarteak antolatu dute. Oñatiko institutuarentzat 30. urteurrena ospatzeko kongresua izango da gainera, 1989an sortu baitzen Eusko Jaurlarizaren babespean. Datorren asteko kongresua hasi aurretik jada arrakastatsua dela azpimarratu da Lege Soziologia Institututik, aurreikuspenak gaindituz, 300 lagunek eman baitute izena bertan parte hartzeko.

  Asteazkenean, 9:00tan egingo da inaugurazioa ekitaldia. Sarrerako saio horretan erakunde antolatzaileetako goi ordezkariek parte hartuko dute eta baita kongresua babesten duten Oñatiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariek ere.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!