Munazategi sektoreko eta Garibai auzorako sarbidea errotonda batez antolatzeko hitzarmena onartu zen osteguneko Osoko Bilkuran

2020/05/04
Card image cap
Udalak eta Ulma taldeak izenpetuko dute biribilgunea egikaritzeko hitzarmena

  Munazategi sektorea garatu ahal izateko hirigintza karga ezarri zitzaion Oñatiko Hiri Antolaketa Arau Orokorretan, hau da, eremu berrirako sarbidea egokitzea. Ondorioz, sektorea zerbitzuan jartzeko ezinbestekoa da GI-2630 errepidetik sarbidea hobetzeko lanak egitea. Ulma taldeak Munazategi sektoreko sarbidea egokitzeko biribilgunea egiteko proiektua landu du. Egitasmoak  Foru Aldundiko Bide Azpiegituretako departamentuaren eta  Ur Agentziaren oniritzia du.

  Aurkeztutako proposamenaren arabera, Munazategi inguruko biribilgunea Duruaran errekaren gainean egokituko da, 42 metroko kanpo diametroa eta 6 metro zabaleko errei bakarra izango du alde bakoitzetik metro beteko bazterbidearekin. Baina biribilgunea ez dago Hirigintza Arau Orokorretan aurreikusita, ezta berau gauzatzeko beharrezko lurrak ere. Arauen aldaketa puntuala, biribilgunea egikaritzeko hartu beharreko lurren desjabetze prozedura eta obraren ordainketa zehazten da besteak beste, ostegunean aho batez onartu zen egikaritze hitzarmenean.

  Munazategi industria partzelan eraikitzen hasi aurretik dagozkion baimenak eskuratu beharko ditu Ulma taldeak, hau da, jarduera eta obra baimenak. Eta GI-2630 errepidean egingo den biribilgunea amaituta eta funtzionamenduan egon beharko da eraikin berrietan lanean hasteko.

  Udalak eta Ulmak sinatuko duten hitzarmenari esker egingo den biribilguneak Oñati eta Zubillaga arteko trafiko arazoa arinduko du hein handi batean, Garibaiko auzotarrek GI-2630 errepiderako sarbide seguruagoa izango dute eta ibilgailuen gehiegizko abiadura motelaraziko duen elementua izango da.  

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!