Mugiment Kirol Txartela Debagoienean ezartzeko lankidetza hitzarmena aztergai izango da gaurko Osoko Bilkuran

2019/11/29
Card image cap
Azaroaren 25az, Boliviako Estatu kolpeaz eta Euskararen Nazioarteko Egunaz adierazpenak proposatuko dira

  Ez ohiko egunean, gaur arratsaldean, egingo da azaroari dagokion Osoko Bilkura. Lan zerrendan 14 gai jaso dira eta horietako hiru gai ezberdinen arloko adierazpenak dira, batzuk, adostuak eta udalbatzako bi taldeek modu bateratuan aurkeztuko dituztenak, beste bat, Boliviari dagokiona, talde bakoitzak bere aldetik eramango duena. Boliviaren estatu kolpearen aurrean udalbatza osatzen duten bi taldeek ikuspegi ezberdina dute nonbait, eta bakoitzak, adierazpen partikularra irakurriko du gaurko Osoko Bilkuran. Bozkatzerakoan biak bateratu eta testu bakarra osatu dezaketen ikusiko da arratsaldean. Batasuna ordea, egon badago azaroaren 25a eta abenduaren 3ko aldarrikapen eta ospakizunen inguruan. Azaroaren 25ean Emakumeen Kontrako Indarkeria Ezabatzeko Nazioarteko eguna izan zen eta honen inguruko adierazpen bateratua aurkeztuko da arratsaldeko bileran. Beste horrenbeste gertatuko da Euskararen Nazioarteko Egunaren baitan.

  Aipatu adierazpenok Osoko Bilkuraren azken puntuetan jaso dira. Aurretik, 2020ko zerga ordenantzak behin betikoz onartu aurretik aurkeztu den erreklamazioa azaldu eta aztertuko da eta pertsona langabetuak kontratatzeko eta Gizarteratze eta laneratze prozesuetatik datozen pertsonak kontratatzeko laguntzen oinarriak onartu eta deialdiak egiteko erabakia hartzea proposatuko da.  

  Mugiment Kirol Txartela Debagoiena eskualdean ezartzeko lankidetza hitzarmenaren berri ere emango da Osoko Bilkuran. Bizkaian, Ezker-ibarrean indarrean dagoen esperientzia ekarri asmo da Debagoienera. Eskualdeko kirol zerbitzuetako bazkideek Arrasate, Aretxabaleta, Eskoriatza, Bergara eta Oñatiko instalazioak gain-kosturik gabe erabiltzeko aukera jasotzen du hitzarmenak. 2020an proba moduan martxan jarri asmo den esperientzia honek Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren babesa du. Ekimenak tokian tokiko kirol zerbitzuei eragin diezaieken diru galera Jaurlaritzak konpentsatuko du hartarako propio sortutako diru fondoaz. Zubikoa kiroldegia berritzeko prozesuan dagoela eta igerilekua urtebetez ixteko puntuan dagoen honetan, oñatiarrontzat bereziki interesgarria da Mugiment kirol txartela sortzea. Baina xehetasunak arratsaldeko Osoko Bilkuran emango dira eta irratiz entzuteko aukera izango duzue, bilkura zuzenean emango baitu Oñati Irratiak, 18:00tatik aurrera.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!