Mugikortasunarekin erlazionatutako hainbat gai aztertuko dira arratsaldeko Tokiko Gobernu Batzarrean

2017/09/21
39 gaiko lan zerrendan, auzo taxi zerbitzua edo bihar amaituko den mugikortasun asteari buruzkoak jaso dira

  Auzo taxi zerbitzuaren urte erdiko balorazioa egingo da gaurko tokiko gobernu batzarrean. Iazko udan abiatu zen zerbitzu honen jarraipena hilero egin zen hasieran. Zerbitzuaren eraginkortasunaren maila ikuspegi orokorrago batetik baloratu ahal izateko ordea, epea zabaltzea erabaki zen. Arratsaldean, 2017ko lehen sei hilabeteetako erabilera datuak emango dira, sortu badira izan diren intzidentziak aipatuko dira eta zerbitzuaren urte erdiko balorazio egingo da. Aldi berean, taxi gidariek aurkeztu dituzte fakturak likidatuko dira.

  Bihar amaitzen den Mugikortasun Astearen inguruko gastuen likidazioa ere proposatuko da gaurko bileran. Autorik gabeko eguna izango da biharkoa gurean, bai behintzat, erdiguneari dagokionean. Unibertsitate etorbidea egun osoz itxita egongo da Aita Madina kalerako sarrera paretik Maiatzaren 1a plaza bitarteraino, ondorioz, Kale Zaharra ere trafikorako itxita egongo da. Herri gunerako sarrera-irteera nagusietako bat da Unibertsitate etorbidea. Jendea autorik ez erabiltzera edo herri gunera sartu gabe periferiako errepideak erabiltzera bultzatu nahi da neurri honekin. Autorik hartu gabe lanera edo ikastera joateko bizikleta hautatzen dutenek gainera, gosaria izango dute 5:45etatik 9:00tara Txaketuaneko bidegurutze inguruan.

  Baina beste gai batzuk ere aztertuko dira arratsaldeko batzarrean: San Lorentzoko ermitaren teilatua eraberritzeko laguntza eskaera edota toki administrazio publikoaren alorrean energia eraginkortasunaren aldeko inbertsioak sustatzeko diru laguntza programaren deialdira Araozko elizondoko argiteria lanak aurkeztea proposatuko da.

  Gaurko lan zerrendan 39 gai jaso dira. Gaur, udal gobernu taldea osatzen dutenak bilduko dira, baina bihar, udalbatzak Osoko Bilkura berezia egingo du. Gai bakarra aztertuko dute: Kataluniako herriak bizi duen egoeraren aurrean EH Bildu eta EAJ taldeek aurkeztutako mozioa. Hori, bihar arratsaldean izango da.

Iturria: Oñati Irratia