Mugikortasun iraunkorrerako astea eta Eskola agenda 2030 eskutik datoz aurten ere, irailaren 16tik 22ra

2020/09/14
Ideia lehiaketa, bizikleta irteera, tailerrak eta bizikleta baten zozketa antolatu dira, besteak beste

  Oñatiko Tokiko Agenda 2030 egitasmoaren baitan, eta Europako Mugikortasun Iraunkorraren Astearekin bat eginez, Oñatin ere hainbat ekimen antolatuko dira irailaren 16tik 22ra bitartean. Herritarrak sentsibilizatu eta garapen iraunkorraren bidean urratsak ematen jarraitzea da helburua.

  Ideia lehiaketa antolatu du udaleko Ingurumen departamentuak. Mugikortasun iraunkorraren alde egiteko, Oñatin gauzatu daitezkeen ekintza zehatzak jaso nahi dira. Proposamenak irailaren 16tik 22ra egin beharko  dira www.oñati.eus webgunearen bitartez. Haur zein helduei zuzenduta dagoen lehiaketan parte hartuz ekarpenak egiten dituzten guztien artan, bizikleta tolesgarri bat zozkatuko da irailaren 23an.

  Baina Mugikortasun Iraunkorrerako Asteari dagozkion ekintza nagusiak larunbatean, hilaren 19an bilduko dira. Goizean, 11:00tan, eta familiei zuzenduta, Usakora bizikleta martxa egingo da. Bitartean, plazan, informazio puntua jarriko da, Tokiko Agenda 2030, mugikortasun iraunkorraren dekalogoa eta beste zenbait kontzeptu eta konpromiso azaltzeko. Sari bereziak zozketa egitea ere aurreikusten da. Informazio puntua, 11:00-14:00 eta 15:00-18:00 egongo da plazan. Eta arratsaldean plaza ingurua girotzen, haurrek, 6-10 urte bitarteko neska-mutilek mural tailerra osatu ahal izango dute.

  Herriko ikasleek askotan hausnartu dute mugikortasun iraunkorraren inguruan Eskola Agenda programaren baitan eta hainbat gomendio ere eman dizkiote udalari, eta herritarroi orokorrean: eskolara edo lanera oinez, patinetez edo bizikletaz joatea; garraio publikoa erabili, eta kotxea behar bada, partekatzea; bidegorriak eta bide mistoak behar bezala erabiltzea, seinaleak errespetatuz; eta oinezkoak, txirrindulariak eta gainerako ibilgailuetan dabiltzanek guztien arteko bizikidetza errespetatzea, besteak beste.

Iturria: Oñati Irratia