Mugaz gaindiko dok barnetegiak egiten ari dira Arantzazun Euskal Herriko Unibertsitateak eta Paueko Unibertsitateak antolatuta

2017/10/17
Card image cap
Hirugarren aldia da barnetegi hauek Arantzazun egiten direla

  Atzo hasi ziren mugaz gaindiko dok barnetegi hauek ostegunera arte luzatuko dira. Euskal Herriko Unibertsitateko Master eta Doktorego Eskolak antolatu ditu, Paue eta Aturriko Herrialdeetako Unibertsitatearen  lankidetzaz.

  Dok barnetegien bidez doktoregaien gaitasunak garatu nahi dira, laneratzeari begira. Inguru eleanitzean eta esperientziadun talde pedagogiko batek lagunduta, partaideek lantzen ari diren proiektua aurkeztu eta komunean jartzeko aukera dute, heziketan zehar jasotako jakintzak modu praktikoan garatuz eta diziplina eta kultur anitzeko taldeetan lan egiteari loturiko gaitasun berriak eskuratuz. EHUko doktoregaiek eta Paueko eta Aturriko Herrialdeetako Unibertsitatekoek elkarrekin bizi eta batera egingo dute lan lau egun hauetan, parte hartzaileentzat inongo kosturik gabe, unibertsitateek finantzatzen baitute. Euskal Herriko Unibertsitateak 38 doktoregai gonbidatu ditu Arantzazura.

  Interesatuek aurrez izena eman zuten eta lantzen ari diren tesi proiektuaren laburpen bat ere aurkeztu behar izan zuten ingelesez, dok barnetegiko jarduerak ingelesez egiten ari baitira.

  2013an egin ziren lehenengo aldiz Arantzazuko Gandiaga Topagunean UPPA- EHU mugaz gaindiko dok barnetegi hauek. 2014an ere bertan izan ziren eta hiru urteren ondoren, aurtengoak ere Arantzazun gauzatzen ari dira.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!