Moyua eraikuntza enpresak egingo ditu ETEO eraikin zaharrean musika entsegu lokalak egokitzeko lanak

2015/05/20
Kontratua datozen egunotan sinatuta, lanak berehalakoan hasiko dira

  Lanen esleipenerako irizpide nagusia eskaintza ekonomikoa izango zela jakinekoa zen eta hala gertatu da, proposamen ekonomiko merkeena eginda, lan kontratua Moyua enpresarekin sinatu baita.

  Moyuaren proposamenak asko jaitsi zuen udalak lanetarako zehaztu zuen aurrekontua, 378 mila eurotik 267 mila eurotara, hain zuzen ere. Eskaintza, neurriz kanpokotzat jo zen hasieran baina udalak eskatutako kalitate eta mailakoa zela ziurtatuta, gehienezko puntuazioa eman zitzaion.

  Exekuzio epea mozteko proposamena ere egin zuen Moyuak eta lanak lau hilabeteetan ez baizik eta hirutan egitea eskaini zuen.

  Berez, 12 enpresa aurkeztu ziren Larraña 16ko erdi sotoan musika entsegu lokalak egokitzeko lanen lizitaziora, baina bat prozesutik kanpo utzi zen ez baitzuen baldintzetan eskatutako gaitasuna egiaztatu. Prozesuan aritu diren 11 enpresen artean puntuaziorik altuena Moyua enpresak eskuratu du eta lanak, bere alde esleitzea erabaki berri da. Kontratua, egun gutxi barru sinatuko da eta lanak berehalakoan hasiko dira.

  ELTZIA proiektuaren baitan lehen musika entsegu-lokalak egokitzeko lanen lehen fase honetan, 30-35 metro karratu inguruko 10 lokal eta 65 metro karratuko gela egokituko dira. Hurrengo fasetan,20 metro karratu inguruko beste hiru entsegu lokal, 50 metroko gela eta grabazio estudioa prestatzea aurre ikusten da.

Iturria: Oñati Irratia

Musika lokalak egokitzeko lanak hastear