"Motxila solidarioak" ekimena martxan du Hotz Oñati taldeak

2016/09/13
Card image cap
Greziako errefuxiatuen kanpamenduetara oinarrizko eskola materiala bidali nahi da

  Errefuxiatuen kanpalekuetan dauden haurrek ere ikasturteari hasiera ahalik eta normalizatuena eman diezaioten jarri da martxan Motxila solidarioa ekimena. Herriko neska-mutikoek baztertuta baina oraindik erabilgarri dauden motxilak batzea da asmoa. Baina motxilak beteta bidali nahi dira. Horregatik, motxiletan, oinarrizko eskola materiala sartzea eskatzen du Hotz Oñati taldeak: margoak, koloreztatzeko liburuxkak edo idazteko koadernoak, adinaren arabera. Eta arropa batzuk ere bai: kulero edo kantzontzilo berri parea eta bi kaltzetin parea, eta negurako eskularruak, bufanda eta txapela.

  Motxilak, Hermansoloñak Bidebarrieta kalean duen lokalean utzi daitezke edo inguruan dagoen edukiontzi zurian sartu. Motxila solidarioak ekimenean parte hartzeko azken eguna irailaren 16a izango da. Gero, batutako guztia prestatu eta hile amaierarako Greziako kanpalekuetara bidaliko baita bertan egokitu diren eskoletan banatu dezaten.

  Hotz Oñati taldeak Himaya izeneko proiektuan ere laguntzen du. Egoera delikatuenean dauden errefuxiatuei Grezian bertan etxebizitzak alokatzen laguntzea da xedea. Horretarako, diru baliabideak lortu nahi dituzte. Egitasmo honetan parte hartu nahi dutenei hilean euro bateko ekarpena egitea eskatzen zaie, urtean 12 euro.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!