Moneta Soziala proiektura atxikitzeko epea hilaren 19ra arte luzatu da.

2014/09/11
Atxikimendu dokumentua sinatu dutenen artean, salgai eta produktu aukera zabala eskaintzen dituzten denda, zerbitzu eta gremioak daude.

  40ren bat dira dagoeneko, Moneta Soziala hartzeko konpromisoa sinatu duten merkatari, ostalari eta gremioetako ordezkariak. Zenbaitek, udal ordezkariekin egindako bileren amaieran bete zuten proiektura atxikitzeko dokumentua. Beste batzuk berriz, hartu eta gerora entregatzekotan geratu ziren. Horiei bereziki jakinarazi nahi zaie, atxikitze epea irailaren 19an, datorren ostiralean amaitzen dela. Dokumentua, behar bezala bete eta sinatuta, udaletxean utzi behar da.

  Merkatari, ostalari eta gremioetako ordezkariekin egin diren informazio bileren haritik, aldaketa txiki bat egin da Moneta Sozialaren erabilera oinarrietan. Ordainketetan onartuko den Txantxi kopurua mugatu ahal izango dela. Alegia, salgaia edo eskainitako zerbitzua ordaintzerakoan, txantxi kopurua mugatu ahal izango dute dendari eta gremiotako arduradunek, gainontzekoa dirutan ordaintzea eskatuz. Proposamena, zenbait produktutan izaten duten irabazi margen estua mantendu ahal izateko egin zen eta halaxe onartu da. Kontu egin behar baita dendariek Txantxiak eurogatik aldatzera doazenean, % 3aren tasa edo deskontua aplikatuko baitzaie.

  Proiektura batzeko interesa duten dendari, ostalari eta profesionalek orain eman behar dute izena eta urtebetez mantendu behar dute Txantxiak hartzeko konpromisoa. Behin Txantxiak zirkulazioan jarrita, ez da atxikimendu berririk onartuko. Ez behintzat probak irauten duen urtebeteko epean.

  Laster jakinaraziko da zein denda, lokal eta profesionalek egin duten bat Moneta Sozialarekin, atxikitze epea, datorren ostiralean, hilaren 19an amaituko baita. Ondoren, herritarrei zuzendutako  informazio kanpaina berezia egingo da Txantxiak erakutsi eta erabilera oinarriak azaltzeko.

  Txantxiak urrian jarri asmo dira zirkulazioan. Oñatiko txanponak euro baten baliokidetasun edo kanbio balorea izango du. Baina erabilgarria gerta dadin, 50 xentimo, euro bat, 5, 10 eta 20 euroko baliodun Txantxi billete paperak inprimatu dira.

  Tokiko moneta erostean, erabiltzaileak % 5aren saria jasoko du, 100 euroren truke 105 Txantxi jasoko dituelako. Era berean, proiektura atxikitako establezimenduek urtean zehar hainbat deskontu osagarri eta eskaintza berezi egingo dituzte Txantxien erabilera promozionatzeko.

Iturria: Oñati irratia

Irudia: Txantxi baten adibidea