Mondragon Unibertsitateak, New Yorkeko The New Schoolek eta Mondragon Korporazioak hitzarmena sinatu dute munduan prestakuntza eskaini eta kooperatiba digitalak sortzeko

2020/06/15
Card image cap

  Kooperatibismo digitala mundu mailan sustatzeko eta plataforma digitalen bidez kooperatiben ekintzailetza bultzatzeko hitzarmena sinatu dute New Yorkeko The New School unibertsitateko Ekonomia Digital Kooperatiboko Institutuak, Oñatin egoitza duen Mondragon Team Academyk eta Mondragon Korporazioak. Lankidetzarako guneak sortzea da asmoa, enplegu duinerako aukerak eskaini ahal izateko eta mundu mailan langabeziari aurre egiteko, bereziki pandemiak gehien kaltetutako lekuetan.

  Hitzarmena konfinamendu garaian prestatu dute, Covid-19aren ondoriozko krisi ekonomiko eta sozialari azkar erantzuteko. Prestakuntza-proposamenak interesa piztu du eta 1.000 lagun inguru hurbildu dira jada informazio eske.

  Nazioarteko prestakuntza-proiektua aurrera eramateko konpromisoa hartu dute hiru erakundeek, eta plataforma-kooperatibei buruzko online ekintzailetza-ikastaroa antolatu dute, ekainaren 1ean hasi eta uztailaren 24an bukatuko dena. Oraingoz, 46 herrialdetako 400 lagunek baino gehiagok eman dute izena programan. Plataforma-kooperatibismoa kooperatibismoaren eguneratze bat da, eta balio berberei eusten die.

  Eskaintzak izan duen harrera ona ikusita prestakuntzarako bigarren edizioa urrian egiteko aurkera aztertzen ari dira sustatzaileak. Oñatiko Enpresagintza fakultatea arduratuko litzateke bigarren edizioa kudeatzeaz, lehenengoa New Yorketik kudeatu ondoren. Ikastaro hauek langabeei eta batez ere zerbitzuen sektorean lan bila dabiltzan pertsonei zuzenduta daude eta, era berean, nazioarteko komunitateko mota guztietako ekintzaileei. Ikasgaiei dagokienez, besteak beste, lan elkartuko kooperatiben balioak eta ezaugarriak aztertuko dituzte.

  Plataforma-kooperatibismoaren ekosistemak hainbat plataforma eta ekimen biltzen ditu, eredu ekonomiko horren euskarri direnak sarean. Plataforma koopeatiboek produktuen, edukien eta zerbitzuen ekoizpena eta banaketa bideratzen dituzte. Jabekidetasunaren eta gobernantza demokratikoaren printzipio kooperatiboek bereizten dituzten antzeko beste plataformetatik.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!