Mondragon Unibertsitatea errendimendu handieneko estatuko 10 unibertsitateen artean kokatu du CyD Fundazioaren rankingak

2017/05/30
Card image cap
Ezagutzaren transferentzia nabarmentzen da aztertu diren eremuetan

  Conocimiento y Desarrollo Fundazioak osatu berri duen rankingean, Espainiako 69 unibertsitatek hartu dute parte eta 17 ezagutza-eremu eta 33 adierazle aztertu dira. Horiek guztiak hiru taldetan sailkatu dira: errendimendu handia, errendimendu ertaina eta errendimendu txikia. Mondragon Unibertsitatea errendimendu handieneko estatuko 8. unibertsitatea da egun, aipatu rankingaren arabera.

  Ezagutzaren transferentzia nabarmentzen da bereziki Mondragon Unibertsitatearen baloreetan, dimentsio horretan lortutako errendimendua handia izan baita aztertutako ia adierazle guztietan: ikerketarako funts pribatuen lorpena, etengabeko prestakuntzan lortutako sarrerak, enpresekin batera lortutako patenteak, sortutako spin-offak eta enpresekin batera egindako argitalpenak ataletan, besteak beste. Irakaskuntza eta ikaskuntza dimentsioan, errendimendu bereziki handia izan dute graduazio-tasek bai graduetan baita masterretan ere. Bestalde, nazioartekotzeari dagokion dimentsioan ikasleen mugikortasuna nabarmentzen da azterketan  eta eskualdeko garapenari egindako ekarpenean, berriz, eskualdeko erakundeekin egindako argitalpenak eta unibertsitateak lortutako eskualdeko ikerketa-funtsak azpimarratzen dira.

  Era honetako rankingen helburua ez da unibertsitaterik onena zein den zehaztea, emaitzak errendimendu-taldeetan aurkeztea baizik, horrela, erabiltzaile bakoitzak norbere rankinga egin baitezake, norberak lehenesten dituen adierazleen arabera. Conocimiento y Desarrollo Fundazioaren helburua da unibertsitateek Espainiako garapen ekonomikoan eta sozialean egiten duten ekarpena aztertu eta sustatzea.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!