Merkataritza Biziberritzeko Ekintza Plana aurkeztu du Udalak

2021/02/25
Card image cap
Herriko merkatariekin landu da eta eurekin elkarlanean erabaki eta gauzatuko dira ekintza konkretuak, lehentasunaren arabera

  Merkataritza Biziberritzeko Plana bi fasetan egin da: sektorearen egoeraren diagnostikoa osatu zuen Siadeco enpresak lehenik eta ekintza planaren diseinua egin berri du Ikertalde enpresak. 37 ekintza proposamen jasotzen ditu dokumentuak, lehentasunaren arabera sailkatuta, eta sei ardatzetan oinarrituta.

  Ekintza plana, eta, oro har, Merkataritza biziberritzeko planaren eguneraketa prozesu osoa, modu partekatuan landu da, sektoreko eragileekin batera, Txanda merkatari elkartearen bidez baina baita herriko gainontzeko merkatarien ekarpenak jasoz ere. Eta elkarlan horrek jarraipena izango du ekintza planean zehaztutakoak gauzatzerakoan. Dokumentuak gainera halaxe aurreikusten du, ekintza bakoitzari dagokion fitxan, lehentasun maila, ekintza dinamizatu beharko luken arduraduna, izan udala edo eragile pribatua definituz, eta  aurrekontu orientatiboa zehaztu direlako, besteak beste. Planak 37 ekintza proposamen jaso ditu, datozen lau urteetan gauzatzeko; ekintza horiek gauzatzeko egutegia edo kronograma adostu nahi du udalak sektoreko eragileekin, aurrekontuen eta egingarritasunaren arabera.

  Merkataritza biziberritzeko ekintza planak lau urteko gauzatze prozesua izatea aurreikusten da, 2025a bitartean. Udalak, aurtengo aurrekontuetan 30.000 euroko partida berezitu zuen baina kopurua handitu egin daiteke iazko aurrekontuaren likidazioaren gerakinaren arabera.

  Merkataritza Biziberritzeko Plana COVID-19ak sortutako pandemiaren testuinguruan eguneratu da, horrek izan dituen zailtasunekin baina baita ere, aurrez ezagutzen ez zen egoera eta eszenatokia planteatuta. Eta halaxe azpimarratu zuen Xabier Igartua Sozioekonomia batzordeburuak atzoko aurkezpenean, aurrera begirako erronkei era eraginkorragoan heltzeko aukera emango baitu plan berrituak, plangintza egungo testuingurura egokituta zehaztu delako.

  Aurkezpen ekitaldian Txandako ordezkariak ere izan ziren; astean berritu den zuzendaritza taldeko bi kide hurbildu ziren udaletxeko pleno aretora atzo.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!