Merkatari eta ostalaritza lokalen hondakinen bilketan aldaketak izango dira bihar eta datorren larunbatean

2018/09/28
Card image cap
Foruen enparantza, kale Zaharra, kale Barria eta Atzeko kaleko lokal jabeek ez ohiko batze puntuetara atera beharko dute organikoa

  Jaiak tarteko, datozen bi asteburu hauetan, kale Zaharra, kale Barria eta Atzeko kalea trafikorako itxita egongo dira eta hondakinak batzen pasatzen den kamioiak ezin izango du sartu. Ondorioz, bihar, San Migel egunez, eta baita datorren zapatuan ere, Herri egunez, aipatu kaleetako eta plazako taberna, komertzio eta elkarteetako arduradunek, hondakin organikoak inguruko beste batze puntuetara atera beharko dituzte. 

  Mankomunitateko ordezkariek, aurreko urteetako batze puntuak erabili daitezen gomendatzen dute. Hau da, plaza eta kale Zaharrekoek, Txaketua alboko ONCE kabina ondoko aparkalekuan utzi ahal izango dute organikoa, edo Lizaur kaleko eskegitokiaren inguruan, plaza eta kale Barria behealdekoek, Portu taberna pareko espaloian, eta kale Barria goialdean nahiz Atzeko kalean lokala dutenek, Ramon Irizar kaleko eskegitokiaren inguruan. Organikoaren bilketa egiten duten kamioiak Oñatiko zerbitzua ahalik eta azkarren betetzen saiatuko dira bihar eta hurrengo larunbatean, horregatik, hondakin organikoak goizeko lehen orduan  ateratzea eskatzen zaie merkataritza eta ostalaritza lokal jabeei.

  Oharra, kale Zaharra, Foruen enparantza, kale Barria eta Atzeko kalean dauden denda, taberna, jatetxe eta elkarteen arduradunentzat da. Herriko gainontzeko zonaldetan dauden merkatal eta ostalaritza lokalei normaltasunez jasoko baitzaie organikoa datozen bi larunbatetan.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!