Merkatari aplikazioa martxan da Oñatin

2018/11/21
Card image cap
Herriko 50 merkatari eta zerbitzuk parte hartzen dute ekimenean

  Hiru hilabetez aritu dira Merkatari proiektua herriko dendari eta zerbitzu emaileekin lantzen. Hala, atxiki den bakoitzarekin perfilak osatu dira eta nola erabili ikasi dute. Izan ere, Merkatari aplikazioa tokiko komertzio txikia sustatzeko helburuz sortu baitzuten Isea Berrikuntza Zentruak eta Goiena Komunikazio taldeak. Egitasmoak Udalaren babesa dauka.

  Herriko 50 merkatari atxiki dira orain arte, guztiak dendak eta zerbitzuak dira. Ez da ordea itxita dagoen proiektua eta lehen asteetan bat egin ez baina gerora parte hartu nahi duten merkatariek ateak zabalik dituztela jakinarazi zuten sustatzaileek.

  Merkatari aplikazioa dagoeneko erabilgarri dago eta horretara animatzen dira herritarrak. Merkatari aplikazioa herritarrengana helarazteko, komunikazio eta promozio kanpaina abiatu dute. Hala, abenduaren 15era arte hainbat ekintza berezi gauzatuko dira. Aplikazioa deskargatzen duten herritarren artean aste bukaera pasa bat zozkatuko da, azaroaren 28an. Tribial jokoa ere egingo dute abenduaren 15ean eta 500, 300 eta 150 euroko erosketa txartelak banatuko dira parte hartzaileen artean. Aldi berean, eta tokian tokiko merkataritzaren garrantzia eta egoeraz hausnartzeko solasaldiak  egingo dira herriko elkarte eta kolektibo bereziekin, ikasleekin, jubilatuekin, ludotekako haurrekin eta abar.

  Merkatari aplikazioa jaitsi ondoren egitasmoan parte hartzen duten dendarien promozioak eta eskaintzak ikusteko aukera izango du erabiltzaileak. Ez da on-line salmenta egiteko aplikazioa, baina, dendariarekin harremanetan jarrita, intereseko produktua erreserbatzeko aukera izango da. Merkatari, Oñatiko merkatarien eskaintza biltzen duen erakusleiho erraldoia da, baina bezeroaren sakeleko telefonoan.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!