Familia ugari eta diru sarrera urriak dituzten herritarrei bono soziala eskaini die Merkaoñaren partaidetza duen CHC Energia enpresak

2018/01/16
Card image cap
Eskaerak apirila baino lehen egin behar dira

  Merkaoña, herriko argindarra merkaturatzeaz arduratzen den enpresa, CHC Energian integratu zenean, ezin izan zuen bono soziala deritzon hobaria eskaini, ez baitzuten gutxieneko bezero kopurua. Horregatik, herriko hainbat familia ugarik eta pentsionistek baja eman eta kontratua beste argindar enpresa handiago batzuekin sinatu zuten. Gerora, gutxieneko bezero kopurua ziurtatuta, bono soziala eskaintzeari ekin zion Merkaoñak eta CHC Energia enpresak. Urrian, bono sozialaren inguruko araudia berritu zen eta onuradunek hobaria jasotzeko baldintzak betetzen dituztela egiaztatu beharko dute apirilaren 10a baino lehen. Aukera hori aprobetxatu du CHC Energia enpresak orain urte batzuk galdu zituen bezeroei informazioa eman eta bono soziala mantenduz, kontratua egin dezaketela jakinarazteko. Hainbat herritarri gutunak bidali zaizkie Merkaoñak Bidebarrieta kalean duen bulegotik pasatzeko  gonbidapena egiten.

  Agindarraren tarifan aplikatu ohi den bono soziala, familia ugariek eta diru sarrera urriak dituzten herritarrek nahiz pentsionistek eskatu dezakete. Diru sarrera urriak dituzten herritarrak eta pentsionistak zaurgarri edo bulnerable eta oso bulnerable moduan kalifikatu daitezke, eta horren arabera, % 25 edo 40ko hobaria jasoko dute argindar tarifan. Familia ugariek ere oso bulnerable izaera badute % 40aren hobaria jasoko dute. Baina gainontzekoek, familia ugari izate hutsagatik, % 25aren hobaria dute, beti ere, kontsumo muga baten barruan. Baina guzti honi buruzko informazioa eta aurkeztu beharreko agirien ingurukoa, Merkaoñaren bulegoan, Bidebarrieta kalean argitzen ari dira CHCko bezeroei eta baita balizko bezeroei ere. Bono soziala izateko aukera badutela jakinaraziz orain urte batzuk galdu zituzten hainbat bezero herriko argindar enpresan alta ematea espero baita. Apirilaren 10a arteko epea dago bono soziala berritzeko.

  CHC Energia enpresa, Oñatikoaren antzera, herriko argindarra merkaturatzen duten estatuko hainbat enpresa txikik osatzen dute. % 50a enpresa txiki horien esku dago eta gainontzeko % 50a EDP enpresari dagokio.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!