Menpeko pertsonen zaintzaren inguruan sortzen diren harremanak aztertuko dira Oñatiko Udala Grant bekari esker

2019/03/26
Card image cap
Hermann Vasquez venezolarraren proposamena saritzea erabaki du epaimahaiak

  Lau proiektu aurkeztu dira aurten Udalak eman ohi duen Grant bekarako. Laurak aztertuta, Hermann Vasquez-en ikerketa lana diruz babestea erabaki da. Hala, 4000 €ko laguntza jasoko du lana osatzeko. Las prácticas sociales interaccionando en el marco jurídico del contrato de atención a las personas mayores dependientes en el hogar en el municipio de Oñati da Vasquez-ek proposatutako ikarlanaren izenburua.

  Lanaren helburua, Oñatin bizi diren menpeko pertsona nagusien zaintzan garatzen den harreman sozial eta juridikoa aztertzea da. Harreman horretan sozialki zaurgarriak edo vulnerableak diren bi taldek hartzen dute parte: menpekotasuna duten nagusiak eta zaintza lanak egiten dituzten etxeko langileak, gehienak emakumeak eta ia guztiak etorkinak. Ikerlanaren ikuspegi horrek herrian garrantzia duten bi errealitateren arteko harremanean jartzen du fokua: baliabide instituzionaletatik haratago egiten den nagusien zaintza eta etorkinen gizarteratze eta laneratze moduak.

  Edadetuak dituzten familiak eta haiek zaintzen dituzten etxeko langileak lotzen dituen kontratu-harremana legez baldintzatuta dago. Baina ohitura sozialek ere eragiten diote, kontratu ekintzaren atzean arautze informal bat sortuz. Beraz, jasotzen den informazioa eta analisiaren ondorioak garrantzitsuak izan daitezke udalarentzat, politika publikoak diseinatzeko orduan. Lana, iraila amaierarako gauzatu beharko da.

  Oñatiko Udala Grant beka irabazi duen Hermann Vasquez zuzenbidean lizentziatua da Venezuelako Andrés Bello unibertsitatean eta lan zuzenbidean masterra dauka Complutense unibertsitatean. Egun, Oñatiko Lege Soziologia Institutuko master ikaslea da. Esperientzia handia du lan arloko abokatu lanetan eta Venezuelako Errepublikako epaile da, eszedentzian.

  Oñatiko Udala Grant beka Udalak eta Lege Soziologia Institutuak 2016ko udan sinatu zuten elkarlanerako hitzarmenaren babesean sortu zen. Urtero kaleratuko da eta Oñatiko herriari ekarpena egiten dioten proiektuak finantzatzea du helburu. Aurreko bi urteetan bina ikerketa lana landu dira beka honi esker. Iaz esaterako, gazte-nerabeek euskal gatazkaz duten pertzepzio eta ezagutza eta 65 urtetik gorako emakumeek Oñatiko herriari egindako ekarpen aberatsa aztergai izan ziren.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!