Mendiko abeltzaintzaren eta otsoaren populazioaren kontrolaren aldeko mozioa onartu zen Osoko Bilkuran

2021/05/11
Card image cap
EAJk alde eta EH Bildu abstentzioa bozkatu zuten

  Otsoa arriskuan dauden espezien katalogoan eta babes bereziko espezien zerrendan sartu nahi dute Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailak eta Espainiako Natura Ondarearen batzordeak. Baina erabaki horrek ondorio larriak ekar ditzakeela uste dute EHNE  eta ENBA sindikatuek, Euskal Herrian nagusi den mendiko abeltzaintza estentsiboaren amaiera eragin dezakeelako. Horregatik, otsoaren populazioaren kontrolaren aldeko mozioa aurkeztu dute Gipuzkoako udaletan.
Oñatiko EAJk aurkeztu zuen mozio idatzia eta jeltzaleen aldeko botoz onartu zen. EH Bilduko ordezkariak abstenitu egin ziren.

  Ingurumena batzordeko ordekari jeltzale Andoni Altunak egin zuen mozioaren defentsa, mendiko abeltzaintzaren onurak eta otsoaren hedapenak ekarriko lituzken kalteak azpimarratuz. Mozio idatziak hiru konpromiso biltzen ditu eta lehenean, ganaderitza estentsiboa balorean jartzen du. Iberiar otsoaren kontserbazioa bere eremu naturalean ona dela eta desagertzeko zorian dauden espezieen euskal katalogoan ez dadila sartu eta honen kontrolerako neurri eraginkorrak hartu daitezen eskatzen da beste bi puntuetan.

  Asier Iraetak Ingurumen batzorde-buruak azaldu zuen EH Bilduren jarrera. Mendiko abeltzaintza eta maneiu estentsiboarekiko konpromisoa adierazi zuen eta otsoa interes bereziko animaliatzat izendatzeak abeltzaintza estentsiboaren etorkizuneko ereduan eragina izan dezakeela onartu zuen, baina sektoreak benetako beste mehatxu batzuk badituela gogora ekarri nahi izan zuen. Otsoa interes bereziko espezieen zerrendan sartzearen aurka ez joateko arrazoiak ere badaudela esan zuen EH Bilduko ordezkariak, bioaniztasuna, ekosistemen oreka edota gaixotasunen kontrola aipatuta besteak beste. Edozein modutan, euskal erakundeek otsoaren kudeaketarako plan berezia landu beharko luketela esan zuen Iraetak.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!