Martxoaren 8ko greba feminista prestatzeko bilerak astero egingo dira otsailean zehar

2019/01/31
Card image cap
Emakume guztiak gonbidatzen dira astearte arratsaldetan Eltzian egingo diren batzar irekietara

  30 emakume bildu ziren herenegun Eltzian eta Kultur etxean egin ziren  bileretan. Bertan, martxoaren 8ko greba feministaren inguruan lehen hausnarketa egin zuten eta ekintzak eta aldarrikapenak zehazteko astero biltzeko asmoa azaldu zuten.

  Iazko bideari jarraituz, martxoaren 8an emakumeak greba egitera deitu dira; iazkoa ordu batzuetako plantoa izan zen eta aurten, egun osora, 24 ordutara luzatzea proposatu da. Horrek, aurre hausnarketa eta prestaketa behar duela jakinik, Oñatiko Sare Feminista lanean hasi da. Asteartean bilera bikoitza egin zen herriko emakumeekin. Taldeka, hainbat gai landu zituzten: egunerokoan nozitzen edo ikusten dituzten egoera matxistak identifikatu ziren, grebak zertarako beharko lukeen arrazoitu zen eta aldarrikapenak eta ekintza konkretuak pentsatzen aritu ziren. Baina asteartekoa hasiera besterik ez zen izan, lehen hartu-emana egin eta herrian dagoen interesa eta egarria neurtzeko kontaktua.

  Elkarlanean jarraitzeko asmoa azaldu zen eta otsailean zehar, asteartero, biltzeko konpromisoa hartu zen. Bilerak irekiak izango dira, interesa duten emakume guztiei zuzenduta, nahiz eta lehen batzarrean ez parte hartu. Martxoaren 8ra begira, herria nola girotu, mezua nola transmititu eta zein ekintza egin zehaztuko da asteroko bilera horietan. Otsaileko lau astearteetan izango dira, Eltziako Topagunean, 18:00tan

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!