Martxoaren 28tik apirilaren 4ra kultur etxean pantailaratu den 8 APELLIDOS VASCOS filmak, 1772 ikusle izan ditu.

2014/04/07
Julio Medem-en LA PELOTA VASCAk 2003tik duen ikusle errekorra oso goitik gainditu du.

  “La Pelota Vasca” filmak 1249 ikusle izan zituen gurean. Azken astebetean pantailaratu den OCHO APELLIDOS VASCOS filmak berriz, kopuru hori gaindituta, Oñatiko filme ikusienen zerrendaren buruan agertzen da orain. Hirugarrena, 2012ko azaroan eskaini zen LO IMPOSIBLE lana agertzen da eta horien atzetik, AUPA ETXEBESTE, KUTXIDAZU BIDEA IXABEL, MAR ADENTRO edota CELDA 211.

  Aipagarria da kultur etxeko zine aretoaren 11 urteko ibilbidean pelikula jendetsuenak, ikusienak, euskal produkzioak eta estatu espainiarrekoak direla.

  8 APELLIDOS VASCOS filmea berezia izan da gurean. Aurrez ezaguna zen ikusminari erantzun ahal izateko 12 emanaldi programatu ziren hasieran eta ondoren, ostegun eta ostiralerako beste lau. 16 emanaldi horietatik 11tan aretoa bete zen eta beste batean jesarleku gutxi batzuk bakarrik geratu ziren libre. Ikusgarriak izan ziren gainera areto inguruan sortu ziren ilara luzeak.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!