Martxoan 19 langabe gehiago zenbatu dira Oñatin

2020/04/02
Card image cap
Aldi baterako kontratua zutenak izan dira krisiaren lehen kaltetuak

  Langabeziak gora egin du martxoan gurean, baina ez bizi dugun alarma egoerak pentsarazi zezakeen maila bizian. Gora egin du bai, otsailean baino 19 langabe gehiago zenbatu direlako Oñatin, baina aurretik izan dira halako gorakadak eta handiagoak ere eman dituzten hilabeteak, oin hurrengoa, otsaila bera, urtarrilean baino 28 gehiago zenbatu baitziren. Horrek ez du ordea kezka arintzen, aldi baterako kontratua zuten asko, ostalaritza eta merkataritza arlokoak gehienak, lanik gabe geratu baitira, orokorrean, eta baita Oñatin ere. Horretarako Lanbide zerbitzuan izena eman dutenen aurreko jarduera ikusi besterik ez dago, une honetan Oñatin lanik gabe dauden horien erdiak, gutxi gora behera, zerbitzuen sektorean aritutakoak baitira. Kontu egin behar da etxean geratzeko lehen aginduak denda, taberna eta jatetxeak ixtea ekarri zuela ondorio gisa eta enpresa gehienak itxiarazi zituen dekretua berriz, domeka-astelehenean sartu zela indarrean. Langabezia tasak handitu dituen beste egoera bat ERTEak dira. Oñatin Hijos de Juan de Garay enpresak aurkeztu zuen halakoa baina egun, erantzunaren zain daude oraindik. Beraz, bertako langileak aktiboan daude ofizialki.

  Une honetan Oñatin 373 langabe daude eta langabezia tasa % 6,86 da, otsailean baino 35 ehuneneko handiagoa. Orokorrean gizon nahiz emakumeen artean egin du gora langabe kopuruak gurean, baina nabarmenagoa izan da gizonezkoen artean eta konkretuki 25 eta 45 urte arteko gizonezkoen artean. Aipagarria da, 45 urtetik gorako emakumeen artean ez dela gorabeherarik izan eta otsailean bezala, adin tarte horretako 120 emakume daudela lana topatu ezinda Oñatin.

  Aldeak bai handiagoak dira orain urtebeteko datuekin konparatzen baditugu, une honetan, iazko martxoan baino 76 langabe gehiago baitaude gurean. Ondorioz, langabezia tasa ere dezentez handiagoa da egun, ia puntu eta erdi handiagoa, % 6,86, lehen aipatu bezala.

  Ikuspegia Hego Euskal Herrira zabalduta martxoan 14.364 langabe gehiago daude eta lurralde guztietan egin du gora langabeziak, Gipuzkoan, 3.072 gehiago zenbatu dira. Langabeziak gora eta gizarte segurantza afiliazioak behera, bereziki martxoaren 12az geroztik, Lan ministeriotik jakinarazi dutenez.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!