Markel Olanok Bilduren kontra atzo egindako adierazpenei erantzunez, enpresa eta ekintzailetasunaren inguruan Oñatin azken legealdian egin den lana biltzen duen idatzia zabaldu du EH Bilduren udal taldeak

2015/02/20

  Markel Olano ahaldun nagusirako hautagai jeltzaleak Oñatira egindako bisitan adierazi zuen azken lau urteetan Bilduk oso gutxi egin duela enpresa eta ekintzailetasunaren alde. Enpresarekiko konpromisorik ez eta oso urrun daudela leporatu zien Olanok.

  Adierazpen horien aurrean, EH Bilduren udal taldeak, bost puntuko idatzia osatu eta zabaldu du.

  Lehenik, legealdi hasieratik Sozioekonomia Foroa abiarazi zutela eta berau, enpresa eta eragile ezberdinen egitasmo eta proiektuak partekatu eta martxan jartzeko gunea izan dela dio gobernu taldeak. Hala, 2012an  egoera sozioekonomikoaren diagnostikoa egin eta enpresaz enpresa aurkeztu zutela adierazten dute, horrek, enpresa arduradunek kezkak jasotzeko balio izan zuelarik.

  Autoenplegu programetatik sortutako lanpostu eta inbertitutako diru kopuruen konparaketa ere egiten du udal gobernu taldeak bere idatzian. 2011-2015 legealdian sustatutako autoenplegu programen ondorioz, 53 lanpostu sortu dira eta 80.000€ inbertitu dira. Jeltzaleek zuzendu zuten 2007-2011 legealdian berriz, 24 lanpostu sortu eta 43.000€ inbertitu zirela dio udal gobernu taldeak.

  Herriko enpresek izan dituzten zailtasunen aurrean berriz, bitartekaritza lana egik saiatu direla dio idatziak, zegozkion erakunde eta instituzioetara joaz. Eta ondorioz, herriko industria ezberdinen egoera larria arintzea lortu dela zenbait kasutan.

  Merkataritza arloan berriz, legealdi honetan laguntzek igoera nabarmena izan dutela diote eta bertako produktuarekiko konpromisoa ere handitu dela.

  Markel Olanok atzo egindako adierazpenak, aurre kanpainan kokatzen ditu Bilduko udal taldeak, baina horietan ere zorroztasunez jokatu behar dela gaineratzen du eta denak ez duela balio.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!