Markel Olano eta Diputazioko beste ordezkari batzuk Arantzazura etorriko dira astelehenean

2019/09/06
Izaro Elorza alkateak ongi etorria egingo die Santutegi aurrealdean

  Arantzazuko Ama Birjinaren urteko ospakizun egunean Udala eta Foru Aldundiko ordezkariak ez dira faltako. Eusko Jaurlaritzak ere ordezkaritza bidaltzea espero da baina ez da izenik zehaztu. Izaro Elorza alkateak guztiei ongi etorria emango die Santutegi aurrealdean. 11:45 inguruan izango da, eguerdian meza nagusia hasiko baita. Jaurlaritza eta Diputazioko ordezkariak Jose Inazio Munilla gotzainak zuzenduko duen elizkizunera joatea aurre ikusten da.

  Baina astelehenean meza aukera zabala izango da Arantzazun: eguneko lehena goizeko 10:00tan izango da, bereziki erromesei zuzenduta, eta 12:00tan, esan bezala, meza nagusia. 13:30tan elizkizuna gazteleraz izango da eta 19:30tan, eguneko azkena.

  Presoen eskubideen aldeko elkarretaratzea egitea ere aurreikusten da, eguerdiko meza hasi baino minutu batzuk lehenago.

  Astelehena herriko jaieguna izango da Oñatin, San Migel eguna domekarekin etorriko baita aurten. Hala, oñatiar askok oinez igotzeko ohitura berrituko dute. Parrokiak antolatutako peregrinazioa, 7:00etan abiatuko da eliza ondotik eta 8:00etan frantziskotarrekin bat egingo du, Zapata parean. Hortik gora, otoitzean jarraituko da.

  Ohikoa denez bestalde, Oñati eta Arantzazu arteko autobus zerbitzua izango da eta bereziki indartuko da. Zerbitzua orduro izango da eta bi autobus izango dira martxan.

  Urteroko bide segurtasun protokoloa jarraituko da: Santutegi aurrealdeko aparkalekua elbarri eta baimendutako ibilgailuentzat soilik gordeko da. Lehenengo autoak, Sindika eta Goiko Bentako aparkalekuetara bideratuko dira. Horiek beteta, ibilgailuak, plaza azpiko aparkaleku mailakatuetara zuzenduko dira. Aparkaleku  guztiak betetzen badira  Arantzazurako errepidea itxi egingo da eta Santutegira igotzeko modu bakarra autobusa izango da. Dena den, ez dirudi errepidea itxi beharko denik, astelehena Oñatin soilik izango delako jai.

Iturria: Oñati Irratia

Arantzazuko amaren eguna, iaz (Arg:Goiena)