Markel Olano eta Aldundiko beste ordezkari batzuk Arantzazura etorriko dira bihar

2017/09/08
Urkulu lehendakariak ezin-etorria adierazi du baina Eusko Jaurlaritzako ordezkaritza izango da

  Arantzazuko Ama Birjinaren urteko ospakizun egunean Udala, Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariak ez dira faltako.  Mikel Biain alkateak guztiei ongi etorria emango die Santutegi aurrealdean. 11:45 inguruan izango da hori, eguerdian meza nagusia hasiko baita. Jaurlaritza eta Diputazioko ordezkariak Jose Inazio Munilla gotzainak zuzenduko duen elizkizunera joatea aurre ikusten da. Meza aukera zabala izango da Arantzazun: eguneko lehena goizeko 10:00tan izango da eta 12:00tan, esan bezala, meza nagusia. 13:30tan elizkizuna gazteleraz izango da eta 19:30tan, eguneko azkena.Etxeratek deituta bestalde, presoen eskubideen aldeko eskualde mailako elkarretaratzea egingo da 11.30tan.

  Bihar zapatua izaki Oñatitik nahiz kanpotik etorritako jendea biltzea eta beste edozein lan egunetan baino jende gehiago biltzea aurre ikusten da. Eta oñatiar askok oinez igotzeko ohitura berrituko du. Parrokiak antolatutako peregrinazioa, goizeko 7:00etan abiatuko da eliza ondotik eta 8:00etan frantziskotarrekin bat egingo du, Zapata parean. Hortik gora, otoitzean jarraituko da.

  Ohikoa denez bestalde, Oñati eta Arantzazu arteko autobus zerbitzua indartu egingo da astean aipatu dizuegunez. Zerbitzua ordu-erdiro izango da goizez eta 9:00tatik 14:00tara autobus handi bat jarriko da errefortzu moduan. Hala ere, tarteren batean jendea pilatu eta minutu batzuetako atzerapenak izan daitezkela ohartarazi dute zerbitzuaren arduradunek. Pazientzia eskatzen dute.

  Urteroko bide segurtasun protokoloa ere jarraituko da bihar: Santutegi aurrealdeko aparkalekua elbarri eta baimendutako ibilgailuentzat soilik gordeko da. Lehenengo autoak, Sindika eta Goiko Bentako aparkalekuetara bideratuko dira. Horiek beteta, ibilgailuak, plaza azpiko aparkaleku mailakatuetara zuzenduko dira. Aparkaleku  guztiak betetzen direnean Arantzazurako errepidea itxi egingo da eta Santutegira igotzeko modu bakarra autobusa izango dela jakinarazi digu udaltzain buruak.

Iturria: Oñati Irratia

Ordezkari politikoak Arantzazun iaz