Mankomunitateko garapen agentziak eskualdeko lanbide heziketako ikastetxeekin batera “Ni Neu, bigarren BideoCurriculum lehiaketa antolatu du.

2015/02/17
Ekimena, GOIAZ! Debagoieneko Lanbide Heziketaren Azokaren baitan antolatu da eta helburua, norberaren Curriculum Vitae-a egiteko bide berria lantzea da, bideoa kasu honetan.

  Iazko oinarriak pitin bat moldatu dira. Hala lehiaketan, 16 urtetik gorako edonork parte hartu dezake eta bi kategoria berezitu dira: ikasleak eta gainontzekoak. Kategoria bakoitzeko hiruna sari banatuko dira. Lehenengoak 300 euro irabaziko ditu eta gainontzeko biek, 100 eurona. Lehiaketako irabazleek saria irabazi izana aipatu beharko dute beren lanak, beren bideo kurrikulumak erabiltzerakoan.

  Saritu guztien lanak, apirilean egingo den Goiaz! 2015 azokaren baitan proiektatuko dira eta eskualdeko enpresetara, aipatu bideo curriculumak ikusteko gonbidapenak bidaliko dira.

  Bideo baten bidez norberaren burua aurkeztu eta egilearen profil akademikoa eta profesionala transmititzea da lehiaketaren helburua, esan bezala.

  Bideo curriculumak, gehienez 2 minutukoak eta bakarkakoak izango dira. Norberak berea presatuko du eta pertsona bakoitzak lan bakarra aurkeztu ahal izango du. Hizkuntzari dagokionez, euskaraz, gazteleraz edota ingelesez landutakoak onartuko dira. Bideoaren baldintzen inguruko xehetasun guztiak, Debagoienako Mankomunitatearen web orrian ikusi ahal dira.

  Baita lanak aurkezteko epea eta bidaltzeko modua ere. Lanak, wetransfer plataformaren bidez bidali beharko dira debagoiena.goiaz@gmail. Com helbide elektronikora, beti ere, martxoaren 20ko arratsaldeko ordu biak baino lehen.

  Lanak ikusita, irabazleen izenak, apirilaren 15ean jakinaraziko dira Arrasateko Kulturaten egingo den GOIAZ! Debagoieneko Lanbide Heziketaren azokaren baitan.

Iturria: Oñati irratia

NiNeu lehiaketaren irudia