Mankomunitateak 11,6 milioiko aurrekontua onartu du 2021erako

2020/12/22
Udalek egin beharreko ekarpena txikiagoa izango da

  11.632.992 euroko aurrekontua izango du Debagoieneko Mankomunitateak datorren urtean, aurtengoa baino %18 handiagoa. Hala ere, udalek egin beharreko ekarpena %2,3 txikiagoa izango da. Eskualdeko udalek egoera ekonomiko zaila bizi dutela jakitun, Mankomunitateko gobernu juntak ahalegin berezia egin da udalen ekarpenak ez handitzeko, are gehiago, bi puntu pasa murriztuko dira.

  EH Bilduko gobernu taldeak landu zuen aurrekontu proposamenari ekarpen bakarra egin zitzaion; Leintz-Gatzagako ordezkariak eskualde sarreretako panelak berritzeko eskaera egin zuen eta onartu eta datorren urteko aurrekontuetan sartu da.

  Arrasateko egoitzan ostiralean egin zen gobernu juntan Antzuola, Bergara, Elgeta eta Oñatiko EH Bilduko ordezkariek aurrekontu proposamenaren alde bozkatu zuten, baita Leintz-Gatzagako ordezkari independenteak ere. Aretxabaleta, Arrasate eta Eskoriatzako ordezkariak berriz, abstenitu egin ziren. Gehiengoz beraz, onartu ziren 2021eko Mankomunitatearen aurrekontuak.

Iturria: Oñati Irratia