Maite Franko kontalariaren ariketa proposamena eta ipuina zabaldu du udal liburutegiak Haur Liburuaren Nazioarteko Eguna den honetan

2020/04/02
Card image cap
“Zer ari zara irakurtzen” ekimenera ere batu da Oñatiko liburutegia

  1805eko apirilaren 2an jaio zen Hans Christian Andersen idazlea. Bere omenez ospatzen da urtero Haur Liburuaren Nazioarteko Eguna, apirilaren bigarrenean. Hori gogoan, Maite Franko ipuin kontalariak ipuintxo-ariketa bat proposatu du sarean, “Binomio Fantastikoa” erabilita ipuinak elkarrekin asmatzeko ariketa. Binomio fantastikoa Gianni Rodari idazle eta pedagogo italiarrak Fantasiaren gramatika izeneko liburuan jaso zuen  sormen ariketetako bat da. Sinplea, erraza eta joko handia ematen duena.

  Horixe proposatuz eta landuz bideo labur bat osatu du Maite Franko ipuin kontalariak eta Haur Liburuaren Nazioarteko Eguna probestu du Udal liburutegiak facebook-eko bere perfilean zintzilikatu eta zabaltzeko.

  Bide batez, Zer ari zara irakurtzen ekimenera ere batu da liburutegia. Erandioko liburutegiak abiarazitako erronka da eta irakurtzen ari garen liburu eta jantzita ditugun galtzerdiei argazkia atera eta sarera igotzean datza. Irudia ez ezik, #galtzerditanirakurtzen, #liburutegiaketxean, #oñatikoliburutegia traolekin batera igotzeko eskatzen dute udal liburutegiko arduradunek. Lehen argazkiak jada ikusgai daude.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!