Maider Arregik agur esan dio Gipuzkoako Bertsolari Txapelketari

2015/11/02
Card image cap
Ormaiztegiko final laurdenekoan seigarren sailkatu zen

  Ormaiztegiko Zubipe pilotalekuan jokatu zen atzo Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako azkenaurreko final laurdena. Ander Lizarraldek lortu zuen lehen postua eta modu horretan finalaurrekoetarako txartela eskuratu du. Haren atzetik, Felix Zubia eta Iñaki Apalategi sailkatu ziren, hurrenez hurren.

  Maider Arregi oñatiarra berriz, seigarren geratu zen 444 punturekin. Puntuazio horrekin ezinezkoa du hurrengo fasera sailkatzea. Saio bakoitzeko irabazlea eta bost final laurdenetan  puntuazio altuena lortzen duten hamahiru bertsolariak pasako baitira final erdietara.

  19 urterekin, Maider Arregik lehen aldiz parte hartu du Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan. Udaberrian jokatu zen Gipuzkoa Bertsotan sailkapen fasean Txapelketarako txartela eskuratu zuen oñatiar bakarra izan zen eta Lasarte-Orian jokatu zen final zortzirenetako saioan lortutako puntuazioari esker, final laurdenetarako saltoa egin zuen. Atzo, Ormaiztegin, 460 bertsozaleren aurrean aritu zen kantuan.

  Gipuzkoako Bertsolari Txapelketak hurrengo igandean izango du fase amaiera, Eskoriatzako kiroldegian jokatuko den azken final laurdenarekin. Sei bertsolari igoko dira oholtzara: Beñat Lizaso, Manu Goiogana, Mikel Artola, Oihana Iguaran, Unai Agirre eta Unai Mendizabal. Ohi bezala, azken final laurdenerako sarrerak salgai daude www.bertsosarrerak.eus webgunean. Gogoratu, abenduaren 19an jokatuko den finalerako txartelak ere salgai daudela eta Oñatin bertan, Txokolateixan eskuragarri daudela 20 €ren truke. Bide batez, egun horretan Donostiara joan etorria egiteko bertso eskolak antolatu duen autobuserako txartelak ere Txokolateixan salgai daude 10 €tan.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!